Erail
zutenean aldean zeramatzan nortasun agiria, militar txartela eta agiri
ofizialak. Hala ere, Cuadros herriko erregistro zibilean Benito Reola
Hermosilla ez da hildakoen zerrendan.
1937ko azaroaren 1ean hil zituzten bera eta beste miliziano
bat. Reolak tiro bat zuen buruan. 2013ko irailean aurkitu zituzten
haren gorpuzkiak, 76 urtera. «Nire aitona desagertu zenean ikertzeko
saiakera egin zuten, antza; baina frankistek berehala artxibatu zuten
txostena», azaldu zuen Iñaki Tamayo Reolak domekan, Gernika-Lumoko
Batzar Etxeean, Gernikako arbolaren azpian. «Bere emazteak ez du inoiz
jakin senarrari zer gertatu zitzaion; inork ez zion azalpenik eman, ez
frankismo garaian ezta ostean ere, ustezko demokrazian»; hil zutenean
dokumentazioa aldean zeraman arren. 1990. urtean hil zen Benito Reolaren
emaztea.
Frankismoak hildako eta desagertarazitako senideek,
elkarte memorialistikoekin batera, egia, justizia eta aitorpena lortzeko
ari dira lanean. «Egia esfortzu handiz eta ia laguntza ofizialik gabe
ari gara lortzen; justizia ez dugu sekula lortuko, transizioaren
gestoreek inpunitatea ezarri zutelako hiltzaileak babesteko; eta
aitortza instituzionala izango dugu askatasun demokratikoa eta gizarte
justua helburu izango luketen instituzioak lortzen ditugunean» –esan
zuen Tamayok–, «hildakoek amesten zituzten instituzioak lortuta».
Justiziaren beharra
Zauriak estaltzeko oroimena ezinbestekoa dela esan zuen EH Bilduko
Irune Sotok: «Milaka herritarrei lapurtu dietena berreskuratzeko ordua
da». Hala, Sotok ere egia, justizia eta erreparazioa eskatu zuen; eta
bide horretan oraindik dena egiteke dagoela esan zuen. «Frankismoak
milaka pertsona hil zituen, eta hainbat torturatu, kartzeleratu eta
erbesteratu». Reolaz gaain, beste 140.000 hildako utzi zituen
frankismoak. Horregatik, gaur egun oraindik, Espainia nazioarteko
lotsabidea dela esan zuen Sotok: «Kambodiaren atzetik, desagertutako
herritar gehien dituen nazioa da Espainia». Gainera, Nazio Batuen
Erakundeen eta Europako Kontseiluaren eskakizunei entzungor egiten diela
salatu zuen: «Askotan eskatu baitiote frankismoaren desagerpenak eta
krimenak ikertzeko».
Baina Espainiak entzungorrarena egin
arren, beraiek pertsona bat bera ere ez dutela ahaztuko esan zuen:
«Herritarren eta demokraziaren alde borrokan jarraituko dugu, eta ez
dugu etsiko».
Asturiaseko ordezkariek ere parte hartu zuten
Gernika-Lumon domekan Reolari egin zioten omenaldian. Lenako zinegotzi
Xose Agripinok (Bloque por Asturies-UNA) hartu zuen hitza. Leonekin muga
egiten du Lenak, eta lur haietan bataila asko izan zirela azaldu zuen
Agripinok, herriaren kokapena estrategikoa baita. Bailara hartan 23 hobi
komun aurkitu dituzte. «Dugun informazioaren arabera, gainera,
faxismoaren kontra azkenengoz gure mendietan borrokatu zuen Reolak;
horregatik, bat egiten dugu gaurko [domekako] omenaldiarekin». Era
berean, Asturiasera borrokatzera joan ziren euskal milizianoei esker ona
erakutsi zien Agripinok domekan, Gernika-Lumon. «Haien memoria
omentzeko modurik onena da guk ere 78ko erregimenarekin amaitzeko
borrokatzea».
Memoria, ezinbestekoa
Memoria
berreskuratzearen garrantziaz aritu zen Ahaztuak 1936-1977 elkarteko
Martxelo Alvarez, hainbat familiak direnaren sustraiak berreskuratzeko.
«Memoria euren parte dira, benetan direna izateko, eta beste inork
agintzen diena ez izateko».
Horregatik, bestelako etorkizuna
eskatu zuen: «Bai Reolak berak eta baita beste gudariek ere borrokarekin
defendatu zituzten baloreetan oinarrituta».
(Busturialdeko Hitza. 2014/ 07 / 02)