jueves, febrero 16, 2012

NAZIOARTEKO ELKARTASUN ASTEA ANTOLATU DUTE, EUSKAL HERRIAREN ESKUBIDEEN ALDE

Askapena erakundeak antolatuta, Euskal Herriarekiko nazioarteko elkartasun astea egingo da larunbatetik aurrera munduko hainbat herritan. Halako ekitaldiak egiten diren seigarren aldia da aurtengoa, eta Konponbidearen garaia da: askatasuna eta autodeterminazioa Euskal Herriarentzat izango da leloa. Julen Zulaika Askapenako kideak azaldu du Euskal Herriaren eskubideen onarpena eta nazioarteko erakundeen elkartasun beharra aldarrikatuko direla ekitaldiotan. Euskal Herriaren ahotsa nazioartera eramatea izango dute helburutzat: «Gurea beste herri bat da, non eskubide zibil eta politikoak urratzen diren».

Larunbatean hasi eta hilaren 26ra arte iraungo duen elkartasun asteak, eta Euskal Herriko hainbat eragileren babesa du; besteak beste, ezker abertzalea, Amaiur, Ahaztuak eta Ikasle Abertzaleena. Europako eta Ameriketako 15 herrialde eta 30 hiritan ekintza politiko, sozial eta kulturalak antolatuko dituzte egun horietan. Tortura Euskal Herrian izeneko dokumentala ikusi eta preso ohien lekukotasunak entzuteko aukera izango da, besteak beste. Horrez gain, martxoaren 3an Milanen (Italia) egingo den nazioarteko manifestaziora joateko deia egin du Askapenako kideak: «Eragileei eta norbanakoei Euskal Herriaren eskubideen aldeko manifestazioan parte hartzeko gonbita egiten diegu».

Hilabete gutxitan Euskal Herrian aldaketa ugari egon direla nabarmendu du Zulaikak, ETAk jarduera armatua betiko amaitu izana adibidetzat jarrita. Hala ere, ohartarazi du urratsak alde bakarrekoak izan direla Frantzia eta Espainiaren ezkortasunaren ondorioz. «Zenbait eragile ezkertiarrek legez kanpo jarraitzen dute, eta 700 preso politiko baino gehiago daude euren ekinbide politikoagatik kartzelan».

Ildo berean mintzatu da Beñat Zarrabeitia Herrira mugimenduko kidea: «Azken hilabeteetan aldaketa ugari egon dira». Hala ere, ohartarazi du euskal gizartearen gehiengo zabal baten eskaera kontuan hartu eta urratsak egin behar direla; euskal presoen auzia konpondu behar dela. «Gure helburua muturreko egoerak arintzea da: «Gaixo dauden presoak askatzea, 197/2006 doktrina indargabetzea eta sakabanaketa bukatzea». Horretarako, ezinbestekotzat jo du nazioarteko herrien eta eragileen parte hartzea.

(Berria. 2012 / 02 / 16)