jueves, agosto 30, 2007

Espainiako Gerran fusilatutakoen hobi bat aurkitu dute Oiartzunen


Espainiako Gerran fusilatutako zenbait lagunen gorpuak lurperatzeko erabilitako hobi bat aurkitu zuten joan den astelehenean Oiartzunen (Gipuzkoa) Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Katin Ttiki taldeko kideek. Gutxienez lau gorpu daude hobian, eta gerrakoan desagertutako Oiartzungo edo Urola Garaiko bizilagunenak direla uste dute. Hain zuzen ere, EHUko Auzi Medikuntzako Sailera eramango dituzte orain, Aranzadiko zientzilariek azter ditzaten norenak ziren argitzeko. "Han hobiratuta egon daitezkeen 20 bat lagunen zerrenda daukagu, gehienak Urola Garaikoak", agertu du Lourdes Errasti Aranzadiko kideak.

Zerrenda hori aintzat hartuta, aurkitutako gorpuak norenak izan daitezkeen zehazten saiatuko dira ADN frotak egin aurretik. Iragorrin aurkitu dute hobia, Artikutzarako bidean dagoen mendiska batean, Katin Ttiki esaten dioten inguruan. Oiartzuarrek emandako arrasatoei esker aurkitu dutela agertu du Errastik, eta inguruko lur guztia mugitu behar izan dutela hobia topatu aurretik. Arestian aipatu bezala, gutxienez lau lagunen gorpuzkinak aurkitu dituzte, baina zenbait lekukotasunen arabera, bost lurperatu zituzten han. Frankismo garaian Espainiako Gerrako beste hobi bat ireki zuten han ondoan. Joaquin Iturrikastillo Eskoriatzako apaiza hobi hartan lurperatuta zegoelako lortu zuten garai hartan hobia irekitzeko baimena, eta zortzi gorpu aurkitu zituzten, besteak beste, emakumezko batena. Hobitik atera otean, Oiartzungo hilerrian lurperatu zituzten. Astelehenean aurkitutako hobian lurperatutakoei omenaldila egin diete gaur goizean Oiartzungo Udaleko ordezkariek, Katin Ttiki elkartekoek eta Aranzazdikoek, Iragorrin bertan.

(Berria. 07-08-30)

Aranzadi eta Katin Ttiki elkarteek astelehenean Oiartzunen aurkitu zuten hobia deserosoa izan liteke zenbaitentzat. Gerra Zibilean frankistek fusilatutako lau lagun errepublikarren gorpuak aurkitu izana bazterrak nahasteko gogoaren adierazle baita horientzat. Bizilagunen arabera, bost lagun lurperatu zituzten bertan, eta haien gorpuen bila inguruko lur guztia mugitu behar izan dute.

Lur asko mugitu eta, batez ere, denbora asko itxaron behar izan dute haien senide eta ezagunek, haien herriak. Horrenbeste urtean desagerraraziak, haiek eta haien familiak horrenbeste urtean irainduta eta isiltzera behartuta, beldurtuta bizi izan ondoren, borreroen ondorengo politikoei deseroso suertatzen zaie gorpuak agertzea. Deseroso lurrak, historia ofiziala eta edozer mugitzea. Baina gorpu horiekin eta beste askorekin batera, egia ere desagerrarazia dagoen herri honen gehiengo zabalari eskertzeko moduko lana iruditzen zaio Aranzadi, Katin Ttiki eta beste zenbait elkarte egiten ari diren lana. Biktimengatik eta haien senideengatik, eta bere iraganeko egia, gordina izanda ere, berreskuratu nahi duten herritar guztiengatik. Izan ere, faxismoak hil eta ezkutatu zuen lagun baten gorpua aurkitzen denean, harekin batera egiaren zati bat ere ateratzen baita lurpetik.

(Gara. 07 / 08 / 30)