Iazko ekitaldian, hiru aulki paratu zituzten. Txomin Uriarte, Daniel Perez eta Felipe Amundarain 1936ko gudarientzat ziren jesarleku horiek. Haiei omenaldia egin nahi zien Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, eta, haiekin batera, frankismoaren jazarpena jasan zuten euskal herritar guztiei ere.
Aurten, berriz, aulki bakarra zegoen. Hutsik. Aulkiaren gainean, ikurrina, Espainiako Errepublikaren bandera eta krabelin gorri multzoa. Omenaldia egin eta gutxira zendu zen Amundarain, eta Uriartek eta Perezek, osasun arazoengatik, ez dute aurtengo omenaldira agertzerik izan. Hutsik lagatako aulkia, baina, frankismoaren jazarpena jasandako biktima guztien ikur isila bilakatu da.
Bigarren urtez, Bilboko Aste Nagusia baliatu du Ahaztuak elkarteak frankismoaren biktimei omenaldia egiteko, Franco jeneralaren armadak Bilbo armen indarrez hartu zuenetik 70 urte betetzen diren honetan. Jende asko bildu da ekitaldian: errepresaliatuak eta haien senitartekoak, konpartsakideak, Larraitz Cisneros aurtengo Aste Nagusiaren txupinera, eta Sartagudatik (Nafarroa) iritsitako ordezkaritza zabala. Hanburgoko Antifaschistische Aktion erakundeko zenbait kide (Alemania) ere izan dira omenaldian, Sare Antifaxistak gonbidatuta.
AREILZAREN MEHATXUA
Ahaztuak elkarteko kide batek gogora ekarri ditu Jose Maria Areilza Bilboko lehenengo alkate frankistak 1937ko uztailean esandako hitzak, demokraziaren alde borrokatu zirenentzat «zigor gogorrak» iragarri zituztenak. Handik gutxira, mehatxua egi bilakatu zen: fusilamenduak Derioko hilerrian, heriotza zigorrak, kartzela eta abar. «Emakume eta gizon askez osatutako gizarte librearen alde» sufrimendua pairatu zuten guztiak akorduan izan ditu elkarteko kideak.
Gero, Gabriel Martinez Sartagudako zinegotziak hartu du hitza, Nafarroako herri horretatik etorritako ordezkaritzaren izenean. Errepresioa oso bortitza izan zen Sartagudan, 87 hildako utzi baitzituen. Egun, ezkerreko indarrak agintean daude Sartagudako udaletxean, ANV-EAEk PSNri babesa eman ostean. Martinezen hitzetan, «herrian inork ez zukeen ulertuko UPN boteretik kentzeko aukera izan eta ezkerrak aukera hori alferrik galtzen uztea, baina, antza denez, Nafarroan guztiz arrazoizkoa dena ez dute Espainian ulertzen».
Oroimenaren Parkea eraiki gura dute Sartagudan, eta, horretarako, dirua biltzen ari dira. Iruñeko Udalak ezezkoa eman dio birritan Sartagudaren eskaerari. Martinezen ustez, «horrek erakusten du eskuinak baduela oroimen historikoa. Baina PSNren jarrera da ulertzen ez dena. Guk adina sufritu zuten gerraostean, eta, hala ere, ez dute UPNko Yolanda Barcina alkatetzatik kendu nahi izan Iruñean».
Dena dela, Iruñeko Udalak ukatutako elkartasuna beste nonbait bilatu dute sartagudarrek. Ahaztuak elkarteak eta Bilboko konpartsek batutako dirua eman dio Larraitz Cisneros txupinerak Alargunen Herria elkarteko presidente Progreso Mangadori, eta dirua batzen jarraituko dutela esan du Ahaztuak elkarteko Marcelo Alvarezek. Gero, itsasadarrera bota dituzte aulki gaineko krabelinak, azken omenaldi gisa.
(Berria. 07-08-26)