jueves, enero 11, 2007

"AHAZTUAK 1936-1977" MEMORIA HISTORIKOAREN LEGEAREN EZTABAIDA KALERA ATERA NAHI DU


Ahaztuak 1936-1977 biktimen elkarteak, ERCk, EAk eta Ezker Abertzalea taldeak Espainiako Parlamentuan tramitean dagoen Memoria Historikoaren Lege proiektuari egin beharreko zuzenketa partzialak aurkeztu zituzten Bilbon atzo eginiko agerraldian. Abenduan Espainiako Kongresuak legeari eginiko osoko zuzenketak bertan behera geratu zirenez, Otsailean zatikako zuzenketak aurkezteko unea helduko da.
Ahaztuak elkarteak bere zuzenketak ERC bitartez aurkeztuko ditu Espainiako Kongresuan, legeari eginiko osoko zuzenketarekin egin bezala. Zuzenketa horretan frankismo garaian erregimenaren aurkako ideologia zutenei Francoren epaileek ezarritako sententzia guztiak baliogabetzeko eskatu zuen Ahaztuak taldeak. Dena den, beste bide bat ere urratuko du oraingoan, EABren bidez. Izan ere, talde horren bitartez aurkeztuko ditu bere zuzenketak Eusko Legebiltzarrean, eta han eztabaida bultzatu.
Hain zuzen, atzo Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko kideak, ondoan izan zituen hiru alderdi politiko horietako ordezkariak: Joan Tarda Espainiako Kongresuko ERCren ordezkaria, Juan Ramon Urrutia EAko senataria eta Itziar Bastarrika EAB Eusko Legebiltzarreko taldeko ordezkaria.
Zuzenketen eztabaida berehala hasiko denez, Martxelo Alvarezen esanetan, «auzia gizarteratzeko momentua heldu da». Eztabaida parlamentuetan egin ez ezik, kalera ere atera behar dela uste du. «Elkarteek, erakundeek, alderdi politikoek zein gizabanakoek bat egin behar dugu auzi honetan».

ZUZENKETAK
Lege aurreproiektuaren zatikako zuzenketetan ere sententzia guztien baliogabetzearen alde egingo dutela adierazi zuen Joan Tardak. Ildo horretan, PSOEko gobernuari frankismo garaiko biktimak, juridikoak zein fisikoak, aitortzeko eta Francoren erregimena legez kanpokotzat jotzeko exijitu diote ERCk, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, EAk eta EABk. «Horretarako, indarrak batu behar ditugu PSOE eta PP alderdiek aurrera atera nahi duten Memoria Historikoaren Legearen aurka», esan zuen Tardak. Izan ere, legea bere horretan onartzeko edota bertan behera uzteko «arriskua» badela diote, PSOEk eta PPk Kongresuko mahaian duten nagusitasuna erabil dezaketelako. «Legegintzaldia bukatu eta auzia eztabaidatu barik bazterrean uzteko arriskua ere badago».
Juan Ramon Urrutiaren aburuz, legearen bosgarren artikulua «onartezina» da. Artikulu horrek dioenez, bost adituz osatutako talde batek aztertuko du garai hartan emandako epaiak bidegabeak ziren edo ez, eta sententzien berraztertzeak ondorio moralak bakarrik izango lituzke.
Alemanian, 1998an argitaratutako legeari jarraiki, diktadura garaiko sententzia guztiak eta sententzia horien ondorioak baliogabetu zirela gogoratu zuen. Diktadura garaian eman ziren xedapenak ere legez kanpo utzi ziren eta, Urrutiaren aburuz, «hori da egin behar dena».
«Frankismo garaiko biktima guztientzat fidagarri izango den lege bat eskatzen dugu», esan zuen Urrutiak. «Eskatzen duguna ez da zaila, baina memoria historiko duina lortzeko beharrezkoa da momentu honetan gizartea auziaz jabetzea».

ALDERDI GUZTIEN LAGUNTZAREN BILA
ERCk abenduaren 14an Espainiako Parlamentuan Lege aurreproiektuaren zuzenketa osoaren bozketan aldeko izan zituen EA, IPC, Nafarroa Bai eta Ezker Batua alderdiak.
Hala ere, oso garrantzitsutzat jotzen du Tardak EAJ eta CIU alderdien laguntza, eta bi alderdi horiei eurekin bat egiteko eskatu zien. «CIU eta EAJ PPren eta PSOEren jokoan sartu ordez, biak batera presio egin behar dute Frankismo garaiko oinordekotzaren aurka gauden alderdi guztiokin batera; orduan, PSOE, PPk egiten dion txantaiatik askatu eta egin beharrekoa egingo duela uste dugu».
Espainiako kolektibo eta erakunde ezberdinen ekimenak beren gain hartu dituztela jakinarazi zuten EABk, EAk, Ahaztuak 1936-1977 eta ERCk. «Ez dugu onartuko frankismo garaiko xedapenen baliogabetzea onartzen ez duen legerik».