sábado, diciembre 26, 2009

HODEI BERDEEN HAZIAK

Zerbait egiteko gogoz geunden eta, zaldi galtzailea aukeratu bagenuen ere, denborak erakutsi digu baliagarria izan zela. Harro gaude; nik berriro errepikatuko nuke». Euzko Bazterra Iruñeko elkarte euskaltzaleaz Juan Mari Feliuk duen oroitzapena da. Real Sociedad de Amigos del Pais (RSAP) erakundeak sortu zuen Euzko Bazterra, 1966an. Ordurako, EAJko Napar Buru Batzarreko eta haren gazte erakundeko -EGI Euzko Gaztediko - militante zen Feliu. 1960ko hamarkadan Iruñean abertzaletasuna ereiten aritu zirenetakoa da Feliu, eta lehen pertsonan konta ditzake garai haiek. Kontatu ere kontatu ditu, eta baita Jose Luis Diaz Monrealek bildu ere; Feliurenak, eta beste askorenak. Ahaztuak 1936-1977 elkarteak eman du argitara Diaz Monrealek idatzi duen liburua, 1960ko hamarkadako Nafarroako EGIren «historia ahaztua». Ahaztuak-ek argitalpen sail bati ekin dio titulu horrekin. Izarren Hautsa sail berrian, memoria historikoa berreskuratzeko lanak argitaratuko dituzte.

Bi urte eskaseko bizia izan zuen Euzko Bazterrak, baina sasoi haiek ondo gogoan ditu Feliuk: «Oso garai erromantikoa balitz bezala oroitzen dut. Gure belaunaldiak 20 urte inguru zituen, eta gauzak ikusteko gogoa. Ezinegon handia zegoen: hippyak, Vietnamgo gerra, Parisko Maiatza...». Iruñean ez zegoela «ezer», handik eta hemendik hasi zirela elkartzen mendigoizaleak, dantzariak, euskal munduari buruz zer edo zer egin nahi zutenak. Jende asko, oso langilea, «indar eta ilusio handiarekin» hasi zela oroitzen du Feliuk: «Dena ukitzen genuen: kultura, euskara, gizarte gaiak, kirola...». Kanpora ere zabaldu zen taldea; harremanetan jarri ziren Donostiako, Durangoko, Sakanako, Ipar Euskal Herriko... jendeekin: «Zabalduz joan ginen, baina ordurako jada jarraitzen gintuzten, eta atxilotzen ere bai». Izan ere, Feliuk dioen bezala esateko, «batzuk euskal kulturaren inguruan lanean ari ziren, baina beste batzuek gauez lan egiten zuten».

EGIk taldeak antolatu eta zabaldu zituen Euzko Bazterraren abaroan. Ikurrinak zintzilikatzen, propaganda zabaltzen eta pintaketak egiten hasi ziren. Sonatua izan zen Irurtzunen, Axitarten, zintzilikatu zuten ikurrina, baita Iruñeko San Migel elizan jarri zutena ere, Polizia Armatuaren festaren bezperan.

Juan Ajuriagerra EAJko buruzagi historikoari entzuna zion Feliuk garaia zela «gazteria mugitzen hasteko». EAJren «gazteria mugitzen hasteko» intentzioa ez zen bortxarik gabeko ekintza horietara mugatu. Diaz Monrealek dioenez, «ETAren jardueraren ondorioz, EAJren oinarrietan, gazteen artean batez ere, sortu zen mugimendu bat zuzendaritza kritikatzen zuena, Francoren diktadurari aurre egiteko moduagatik». EAJko gehiengoa bortxa erabiltzearen aurka baldin bazegoen ere, EAJk, «ofizialki, ETAren komandoen estiloko taldeak sortzea erabaki zuen», Diaz Monrealen esanetan. 1968ko urtarrilean, Joseba Emaldi El Indio zeritzon batek ikastaroa eman zien Donibane Lohizunen (Lapurdi) bildutako EGIko zenbait laguni.

Artajo eta Asurmendi

1968ko udaberrian, Urbasan (Nafarroa) lehergailu bat zartatu zen, errepidea txikitu zuena, eta handik pasatzekoa zen Espainiako txirrindulari itzulia bertan behera gelditu zen. Ekintza hark oihartzun zabala izan zuen nazioartean, eta hauspo horrek harroturik, 1969 hasieran lehergailu gehiago jartzea erabaki zuten. Apirilaren 6an, Aberri Egunean, horretan ari ziren Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi. Baina prestatzen ari ziren lehergailua zartatu egin zitzaien, Ostitz eta Ziaurritz arteko errepidean, Ultzaman (Nafarroa). Biak hil ziren. «Artajo eta Asurmendiren heriotzaren ostean, EAJk itxi egin zituen planteamendu horiek», Diaz Monrealen hitzetan: «Hor dago garai baten amaiera».

Feliu Carabanchelgo espetxean (Madril) zegoen Artajo eta Asurmendi hil zirenean. 1968an sartu, eta 1969an irten zen espetxetik. Ordurako, Euzko Bazterra deseginda zegoen -RSAP berak desegin zuen taldea-: «Dena oso sakabanatua zegoen, Artajo eta haien taldeko guztiak atxilotuta, Arrotxapeko taldeak ihes egin zuen beste aldera, EGIko talde handi bat EGI-Batasuna egitasmoaren barruan zegoen, ETArekin nolabaiteko koordinazioa bilatzen...». Sakabanatu egin ziren EGIn ibilitakoak eta, 1970 alderako, bestelakoa da aro politikoa: langile mugimendua antolatzen hasi zen, ikastolak sortzen... Euzko Bazterran eta EGIn ibilitako askok «eragina izan zuen talde horietan; jende gutxi izan zen horien guztien haziak jarri zituena», Diaz Monrealen arabera. Euzko Bazterra eskola izan zen jende askorentzat, Feliuk dioenez, eta garai hartako idealismoa nabarmendu du. Baita Diaz Monrealek ere: «Donibane Lohizunen izan zirenak salbu, gehienek ez zuten prestakuntzarik. Bazuten, ordea, ilusioa mundu hobea egiteko, diktadura desegiteko... Oso erromantikoak ziren».

Hodei berdeak. Izenburu hori eman zion Jon Alonso idazleak garai eta pasadizo haietan oinarritu zuen liburuari. Alonsoren lanari aipamena egin zion Jon Benito idazleak: «Garai ilun eta grisa izan zen, hori ezin da ukatu. Hodei berdeak itxaropenaren sinbolo dira. Gero hobetuko zen, gero aldatuko zen ilusio baten sinbolo. Ez dakit asmatu dugun».

DATUAK
Titulua: La historia olvidada; EGI en Nafarroa en la decada de los años sesenta (Ahantzitako historia; EGI, Nafarroan, 1960ko hamarkadan).
Egilea: Jose Luis Diaz Monreal.
Orrialdeak: 300
Argitaratzailea: Ahaztuak 1936-1977

(Berria. 09 / 12 / 26)