jueves, noviembre 05, 2009

"TXIKI"REN SENIDEEI BABESA EMAN DIETE GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIEK

Frankismoak fusilatu zuen Jon Paredes Txiki ETAko kideari bere senide eta lagunek irailaren 27an egitekoa ziren omenaldia debekatu izana salatu, eta senideei elkartasuna adierazi die Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Fusilatu zuteneko urteurrenean, urtero egin izan diote omena Txiki-ri Zarautzen, baina, aurten, Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu, eta indarrez galarazi zuen. Ekitaldia memoria historikoa berreskuratzearen aldeko Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatu zuen. Baina ezker abertzaleak Gudari Egunaren harira antolatuta zituen ekimenekin batera debekatu zuen Auzitegi Nazionalak.
PP ez beste alderdi guztien aldeko botoekin onartu dute, Batzar Nagusiek, Aralarrek aurkeztutako ekimena. Aralar, PSE-EE, EAJ, EB, Hamaikabat eta Alternatibak salatu dute debekua, ekimenaren aldeko botoa emanda. PP abstenitu egin da. Iñigo Arkauz bozemaileak azaldu duenez, Txikiren aldeko ekitaldia «Batasunak instrumentalizatu izana» da baiezkoa ez ematearen arrazoia.
Aralarreko Rebeka Uberak Auzitegi Nazionalari eta Herrizaingo Sailari egotzi die irailaren 27ko ekitaldia egin ezin izana, eta, hori berriz gerta ez dadin, hausnarketarako deia egin du. Hala ere, gustura agertu da akordioa lortu izanagatik eta PSE-EEk «hanka sartu zuela» onartu izanagatik.
EAJko Zorione Etxezarragaren ustez, «hankasartzea da Ahaztuak-en ekitaldia kolokan jarri izana bera». Areago, hori, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak kargua uzteko nahikoa arrazoi dela deritzo. PSE-EEko Julio Astudillok Ares defendatu du, auzitegiaren agindua bete besterik ez zuela egin argudiatuta. Halere, «ekitaldi antifrankistak berriz ez debekatzeko» babestu du ekimena.
(Berria. 09 / 11 / 05)