jueves, diciembre 18, 2008

"ERREPRESIOA ERAGIN ZUTENEI EZIN DIEGU UTZI BEREN MEMORIA EZAR DIEZAGUTEN". Julian Morante, frankismoaren ikerlaria


1998aren amaieran, Lario herriko Grajero putzutik (Leon, Espainia) hamahiru gorpu atera zituzten. Bertara jaurti zituzten 1937an. Gorpu horien erreskatearekin aurrekaririk gabeko eztabaida sortu zen Leonen. Eztabaidaren ondorioz, Espainiako Estatu osoan hedatu den mugimendu herritarra sortu zen. Horren erakusle da Julian Morante ikerlariak (Leon, 1967) eta Pozo Grajero elkarteko kideek, beste idazle batzuekin, argitaratutako La memoria del Grajero liburua. Horretaz eta gerra osteko errepresioaz eta gerrilla antifaxistaz mintzatuko da gaur, Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean, 19:30ean.

La memoria del Grajero liburuak zer mesede egiten dio memoria historikoari?

Memoria historikoa pizteko egin genuen lan handiaren emaitza da. Hasierako asmoa ez zen liburu bat idaztea. Larioko Grajero putzuaren afera, memoria historikoaren aldeko elkarteak sortu aurretik gertatu zen. Gorpuak aurkitu zituztenean, eztabaida politikoa sortu zen, eta horrek mugimendu sozial handi bat hasi zuen. Elkarte eta kolektibo ugari sortu ziren horren harira, frankismoko biktimentzat egia eta justizia galdegiteko. Testuinguru horretan sortu zen Memoria Historikoaren Legea. Guk, gure aldetik, frankismo garaian jazotakoa biltzeari ekin genion Espainiako Estatu osoan zehar, eta kasu batzuetan baita Frantzian ere; bideokamera batzuen bidez, elkarrizketak egiten hasi ginen. Horrenbeste informazio bildu genuenez, liburu bat idaztea erabaki genuen; gaur aurkeztuko dudan La memoria del Grajero liburua, hain zuzen. Lan horretarako, hainbat elkartetako kideek lagundu digute

Zer kontatzen duzue liburuan?

Gure ikerketaren hastapenen berri ematen dugu, baita elkarrizketen bidez bildu dugun Espainiako gerraren eta gerra osteko errepresioaren berri ere. Espainiako Gobernuak gure liburua erostea erabaki zuen eta, horrenbestez, doakoa da. Argitaletxe batekin ez argitaratzea erabaki genuen, ez genuelako baldintzapean lan egin nahi.

Zein da, zure iritziz, memoria historikoaren aldekoen filosofia?

Historia herriaren nortasuna da. Ezin dugu utzi gerra sortu eta errepresioa bultzatu zuten horiek beren memoria guri ere ezartzea. Azken urteetan memoria historikoaren inguruan ekimen ugari jarri dira martxan. Uste duzu frankismoaren berri emateko nahikoa egin dela orain arte? Ez dut uste inoiz izango denik nahikoa. Egiten ari den lan guztia ona da frankismoaren berri emateko, baina ez da nahikoa.

Zer iritzi duzu Memoria Historikoaren Legearen gainean?

Lehenik eta behin, argitu nahiko nuke lege hori mugimendu sozial indartsu baten ondorio dela. Beraz, legearen aurretik dago memoria historikoaren gaineko kontzientzia soziala. Gainera, azpimarratu behar da frankismoak familia askotan izan zuela eragina, hots, familia askotan hildakoak eragin zituela. Ondorioz, interes sozial handia dauka. Memoria Historikoaren Legea, horrenbestez, kontzientzia sozial indartsu baten presiopean sortu zen.

Etorkizunari begira, zer gelditzen da egiteko historiaren zati hori berreskuratzeko?

Lehenik, hasitako lanari jarraipena eman behar zaio; esaterako, gai honi buruzko liburu edo dokumentu gehiago argitaratu behar dira. Egia da hedabideen bidez zabalkunde handia izango lukeela, baina, era berean, dokumentu idatziek etorkizunean ikerketa gehiago egiteko aukera ematen dute. Zenbat eta gehiago argitaratu, hainbat eta hobe, datorren belaunaldirako informazio gehiago geratuko da-eta horrela. Gainera, lekukotzak uztea ere egokia litzateke, monolitoak eta oroitarriak, kasu. Horiek, azken finean, bestelako transmisio kulturalak dira eta, era berean, iraun egiten dute.

Kontzientzia piztea, beldurrak gainditzea eta inposatutako ahanzturen aurka borrokatzea dira etorkizunari aurre egiteko bide bakarra?

Bai, dudarik gabe. Historia da daukagunaren nortasuna. Eta gure historiaren berri izateak lagun gaitzake etorkizuneko arazoak saihesten eta huts berak ez egiten. Horretan, lagundu beharko liguke behinik behin. Nolanahi ere, gizakia inozo samarra denez, harri berarekin estropezu egiten du behin eta berriz.

(Berria. 08 / 12 /18)