Errepublikaren alde Asturiasen borrokatu zen batailoi bateko buru zen
Benito Reola Hermosilla omenduko du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak
domekan, Gernika-Lumoko Batzar Etxean. Kandido Sasetak gidatutako
batailoiarekin batera, beste bat ere joan zen Oviedora, faxismoaren eta
frankisten aurka borrokatzera: Benito Reola arabarra zen bigarren
batailoi horretako buru.
Asturiasko frontea erori zenean, 1937. urtean, desagertu egin zen Reola Hermosilla, eta 2013ko irailera arte haren familiak ez du jakin berarekin zer gertatu zen. Iaz, irailean, aurkitu zituzten bere gorpuzkiak, Leongo (Espainia) Cuadros herrian. 1937ko azaroaren 1ean hil zituzten bera eta beste miliziano bat, tiroz.
Ahaztuak 1936-1977 elkarteak «merezitako» omenaldia egin nahi dio,
eta, Kandido Sasetarekin egin bezala, omenaldi hori Gernikako arbolaren
aurrean egingo diotela azaldu du elkarteko kide Martxelo Alvarezek.
13:00etan hasiko da ekitaldia, eta, Euskal Herrikoekin batera, Asturiasko ordezkari instituzionalek ere parte hartuko dute.