Ehunka hildako, milaka zauritu, urteetako izua, gezurra eta
errepresioa sorrarazi, Gernikako eraso inperialistaren 75. urteurrena
izan zen ostegunean. Altxamendu faxista espainiarrarekin batera, bat
egin zuten Alemaniako nazi eta italiar faxistek. Hain zuzen,
bonbardaketa egunean bertan parte hartu zuten Kondor Legioko nazi
alemaniarrek eta Aviazione Legionarioko italiar faxistek. Inperialismoak
bere interesen defentsan bat egin zuen duela 75 urte, elkarrekin
borrokatu ziren interes berberak zituztelako orduan ere, gaur egun ere
bat egiten duten bezalatsu. Izan gisa honetako eraso militar bat
burutzerakoan, izan Grezian bezala herriak hautaturiko gobernu bat
kargutik kendu eta diktadura ekonomiko bidez agintari berri bat
jartzerakoan, edo izan azken asteetan ikusi dugun bezala, Repsol-YPF
auzian, enpresa pribatu baten aldeko defentsa lotsagabeki egiterakoan,
transnazionalen eta merkatuaren titere baino ez diren mendebaldeko
gobernuburuak Bruselan elkar hartuz.
Gernika, baina, mundu mailako ikur bilakatu da eta orduko eraildako,
kaltetu eta haien senitartekoak gogoan izanik, gure oroimen kolektiboan
ditugu egunotan, munduko herri borrokalariak, munduko herri zapalduak.
Hala, Gazako kale txikituak datozkigu burura Gernikako orduko irudiak,
etxe birrinduak ikustearekin, edo Laboaren kantuak gogorarazten digun
hura, «qué barbaridad Bagdad» oihukatzean, Allenderen azken irudiak La
Monedako bonba hotsak entzutearekin batera... Baina haiekiko elkartasuna
adieraztearekin, haiekiko harrotasuna ere badatorkigu, gure eskubideen
defentsan eta faxismoaren aurkako borrokan dena eman zuten emakume eta
gizon haien duintasuna eta adorea, alegia. Pasa den asteartean,
harrokeriaz gogorarazi zigun arren armada espainiarrak, Elgetako
maniobra militarretan, faxistek herria hartu zuteneko urteurrunean, guda
nork irabazi zuen eta oraindik nork jarraitzen duen garaile
azpimarratuz.
Euskal gudari haiekin batera ordea, mundu osotik etorritako brigada
internazionalak ere gurean izan ziren. Haiek ere bat egin zuten, kasu
honetan baina, herri honen eskubide eta askatasun gosearekin. Gernikatik
milaka kilometrora jaiotako gazte internazionalista haiek azken
muturreraino eraman zuten beren egitekoa, Zallan zauritu eta gutxira hil
zen Nino Nanneti italiarrak bezala, Loiolako kuarteleko borroketan,
Irun edo Donostian aritu zen Felipe Matarranz asturiarrak edo Bilboko
kaleetara 17 urte zituela guda hasi berritan etorri zen Fritz Teppich
alemaniarrak bezala, besteak beste. Hauek eta eurekin batera etorritako
eta eroritako guztiak gogoan izan nahi genituzke Gernikan, datorren
igandean, Ahaztuak eta Askapenak elkarrekin antolaturiko egunean.
Harro gaudelako eurek egin zutenaz!
Faxismoaren aurka: atzo, gaur eta beti! Eraso inperialistarik ez Gernikan ez inon!
(Gara. 2012 / 03 / 28)