1936 urtean Espainiako Errepublikaren kontra tropa faxistak altxatu eta 1937ko Apirilaren 19an Busturian sartu zirenean, Bermeon egoitza jarri zuen Danboronea Kastroviejo eskualdeko Militarrak sustatuta, Busturiako Udala desegin eta Udal batzorde kudeatzaile bat eratu zuten. Handik egun gutxira batzorde kudeatzaile horrek 9 lagun ezagunen kontrako salaketak sinatu zituen eta abuztuan horietako seiri heriotza zigorra eman eta exekutatu zituzten.
1937ko ekainaren 29an, Axpeko elizako meza nagusitik irtetean, guardia zibilak Andres Zearreta Urrutia eta Doroteo Kaltzada Izpitzua, biak zinegotziak Eusko Alderdi Jeltzalearen aldetik, atxilotu zituen 17 urteko bi mutikok identifikatuta eta Bermeoko batzokira (Ertzilla) eraman zituen. Gainerakoak euren etxeetan atxilotu zituzten eta gero guztiak eroan zituzten kamioneta batean Bilboko Larrinaga kartzelara. Ekainaren 29tik abuztuaren 5era bitartean judizio sumarisimoa egin zieten eta aipatu sumarioko 12 akusatuetako 9ri heriotza zigorra eman.
Sei Derioko "Vista Alegre" hilerriko eskuineko horman (sarreratik begiratuta) exekutatu zituzten. Hurrengo hauek, hain zuzen: Hipolito Albarez, Florentzio Bilbao, Doroteo Kaltzada, Demetrio Lekunberri, Andres Zearreta eta Roman Zearreta. Jesusa eta Karlota Urrutxua ahizpei heriotza-zigorra biziarteko kateagatik ordeztu zieten eta Saturrarango kartzelara eroan zituzten. Feliziano Zenarruzabeitiari ere biziarteko kateagatik ordeztu zioten heriotza-zigorra eta Nafarroako Ezkabako San Kristobal gotorlekura eroan zuten. Bertan hil zen, diotenez, pneumoniaren ondorioz.
Bizkaiko gobernadoreak, agindu baten bidez, hildakoen alde mota guztietako ospakizunak, hileta-elizkizunak barne, egitea debekatu zuen eta euren aldeko lehenengo ospakizuna, publikoan, 30. urteurrenean egin zen, 1967ko abuztuaren 5ean. Gertaera lotsagarri horren 70. urteurrenean Busturiako herriak omenaldia egin gura die eta euren alde hurrengo ekintzak egiteko asmoa du: Abuztuak 4, zapatua, arratsaldeko 7:30ean ekintza xume bat euren oroitzapenez eraikitako Ispiluetako monolitoaren aurrean eta Abuztuak 5, domekan, Meza Paresiko Andre Mariaren ermitan.