
Hernanin, 2006ko azaroaren 8an
Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariari:
Herri honetako hilerrian hemendik minutu gutxira hasiko den omenaldian esaten utzi ez didatena jakinarazteko jo dut zuregana. Jakingo duzun bezala, gobernu errepublikano zilegiaren eta Euskal Herriaren eskubideen aurka altxatutako tropa frankistek fusilatutako berrehundik gora lagunak izango dira hizpide omenaldian. Nire anaia, Juan Maria Landin, eta gutun hau sinatu duen beste pertsonaren aitona fusilatu horien artean zeuden.
Ankerki eta bidegabe hil zituztenetik, ez dugu bakerik izan. Oso gogorra izan zen haiei bizia eta ilusioak modu hartan kentzea eta haien gurasoak, anai-arrebak, emazteak, seme-alabak eta abar seniderik gabe uztea; haiek gaizkiletzat eta hiltzaileak zintzotzat hartzen zituztela ikustea; eta berrogei urtean gertakari hari buruz eta haietaz jendaurrean ezin hitz egin izana. Demokrazian gauzak bestelakoak izango zirela uste genuen; behingoz gauzak behar bezala idatziko zirela, biktimekin eta hiltzaileekin justizia egingo zela. Ez da hala izan, ordea: haiek lasai-lasai arraitu zuten, inori konturik eman behar izan gabe; guk, berriz, berdin, gutxi gorabehera. Hitz egin genezakeen, noski, baina komeni zena esateko bakarrik; erreklamatu genezakeen, baina neurri batean, betiere. Eta testuinguru horretan, hutsik egon zen Hernaniko hilerriko kripta, omenaldia egiteko hautatutakoa, iruzur egin baitziguten, gure senideen hezurrak zeudela esanda. Era berean, gure hildakoak «desagertuta» edota «aske» daudela jartzen du erregistro zibiletan, hilerri honetako hormaren kontra hil eta hobi komun batean sartu bazituzten ere. Eta bien bitartean, omenaldiak eta haien aldeko ekitaldiak izan dira, gaurkoa ez baita lehena.
Horregatik, gustura hitz egin izango nukeen gaur jendaurrean, gure eta beste hainbat senideren izenean, esan dudana esan eta ondorengo eskari hauek egiteko. Hernaniko Udalari egin nion jendaurrean hitz egiteko eskaera, baina ezinezkoa izan da, Franco orain hogeita hamar urte hil bazen ere, omenaldi horren antolatzaileei desegokiak iruditu baitzaizkie esan nahi nuena eta eskatu nahi genuena. Eta herenegun gure etxean Justizia Saileko arduradun batekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Saileko batekin bi orduko bilera egin ondoren, ezin hitz egingo nuela esateko deitu zidaten atzo, beste lagun batek nik baino lehenago eskatu baitzuen baimena. Itxura denez, hori da frankismoko biktimen patua, bitan izatea biktima, alegia: biktima garelako batetik, eta edozein biktimari zor zaion Justizia ukatzen digutelako, bestetik. Izan ere, Justiziaz hitz egin nahi nuen nik, Justiziaz hitz egin nahi genuen guk; horren ordez, baina, monolito bat, bixkarreko bat eta argazkia eskaini nahi dizkigute.
Saminez, hemen eraildakoen eta frankismoko hainbat eta hainbat biktimen senideen izenean, nire eta guztion izenean egiten ditudan eskaera hauek zuk zeuk irakurtzea eskatu nahi nizuke:
- Gure senide erailak «terrorismo frankistaren mende erailak» gisa ager daitezela erregistro zibiletan. Gure senideak zigortzeko erabilitako zigor guztiak baliogabetzea.
- Frankismoko biktimekin zerikusia duten gaiak Giza Eskubideen Sailaren mende jartzeko, eta ez Gizarte Gaien mende, gaur egun bezala. Gure arazoa ez da pentsioen edo diru laguntzen ingurukoa: Justizia arazoa da.
-Hori guztia bete arte gaur inauguratu beharreko monolitoa desmuntatu, estali edo kriptan sartzea, hainbat eta hainbat urtean gure senideen hezurrak gordetzen zituela sinetsarazi ziguten horretan, eta gutxieneko Justizia hori bete ondoren inauguratzea.
- Gaurko antolatutako lore eskaintzari dagokionez, loreak hilerri guztian sakabanatzea, ez baitaki inork gure senideen hondakinak non dauden.
Tristea da gero berrogei urtean diktadurapean eta hogeita hamar urtean ustez demokrazian egon ondoren horrela aritu beharra, ustez Justizia babesten dutenei eta hura babesteko hil zirenak omentzen dituztenei Justizia eskatzen. Iruzurra onartzeko prest ez egoteagatik isiltzera behartu zaituztela ikusi eta berriz ere Justizia eskatu beharra.
Mesede hori egingo diguzulakoan, Jainkoak urte askoan gorde zaitzala.
(Erredakzioan itzulia)