martes, julio 06, 2010

"1936KO GENOZIDIOARI ORDAIN DUINA" EMATEKO ESKATU DIOTE DONOSTIAKO UDALARI

Frankismoaren biktimak oroitzeko, Donostiako Aieteko jauregian oroitarria jartzeko proposamena egin zuen Odon Elorza alkateak duela aste batzuk; baina Genozidioaren Biktimen Elkarteak ez du atseginez hartu Donostiako Udalaren ekimena. «Iraina» dela esan dute, eta Madrilgo Erorien Haranarekin konparatu: hildakoen gorpuak bertara eraman zituzten senideen baimenik gabe, eta, orain ere, oroigarria senideekin hitz egin gabe jarri nahi dela salatu dute. Lekuarekin ere ez daude ados; Aieteko jauregian ez, baizik eta erdigunean jarri behar dela uste dute. Donostian fusilatu eta desagerrarazitako 386 lagunen zerrenda osatua du elkarteak, eta, Sartagudako Memoriaren Parkean bezala, Donostian ere izen horiek agerraraztea nahi dute: «1936ko genozidioan hildakoekin zor bat du Donostiak, eta udalak ordain duina eman behar die».

Elkarteak Donostiako Udalari azken urtean egin dizkion eskaera guztiak erantzun gabe daudela jakinarazi du Felix Soto elkarteko kideak, ordea. Bulebar kalea Frankismoko Biktimen Bulebarra izendatzea, fusilatu zituzten funtzionarioei aitorpen ofiziala egitea... Udaleko giza eskubideen batzordean esku hartzea ere galdegin du elkarteak, baina udalak ez du erantzun. «Eztarrian trabatu zaizkio» proposamenak udalari, Sotok dioenez.

Elkarteak agerraldia egin zuen atzo Donostian, eskaera horien berri emateko. Besterik ere jakinarazi zuen: Donostiako Amara auzoan, lehen burdinezko zubia zen tokian, zubi berria egiten hasi ziren, eta 1936ko gerrako hobi komun bat aurkitu zuten iazko ekainaren 29an, hodi bat sartzen hasi zirelarik; hodia sartzeko lanarekin jarraitu, eta beste hobi komun bat aurkitu zuten. Zazpi gorpuzkin atzeman zituzten bi hobietan. «Ez dakigu inguruan zer egon daitekeen», ohartarazi du Sotok. Geroztik ez da beste ikerketarik egin inguruan, eta elkarteak uste du «fusilamendu klandestinoak» egiten zirela eremu hartan. «Penagarria da Eusko Jaurlaritzak esku ez hartzea, eta gorpuen bilaketa familien gain egotea. Kasualitatez aurkitu ziren gorpuak; lotsagarria da Administrazioak gehiago ez ikertzea».

Ikerketaren emaitzak

Zazpi lagunetatik, oraingoz, bi identifikatu dituzte, DNA probak eginda. Atzo ikerketa horren berri eman zuten Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eta haren mendeko Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak. Donostiako 3 zenbakiko Epaitegiaren aginduz abiatu zen ikerketa, eta Donostiako Udaltzaingoak, Aranzadi zientzia elkarteak eta Espainiako Toxikologia Institutuak lagundu dute hartan. Gorpuei hartutako DNA laginak Madrilen aztertu dituzte, eta, eskaerak egin dituzten familien laginekin erkatu ostean, bi gorpu identifikatu. Epaileari eman dizkiote ikerketaren emaitzak, heriotzak argitzeko.

Hildakoetako baten senideek eskatu dute haren izenik ez ezagutzera emateko. Bestea bai, ezagutarazi dute: Millan Zabala Fernandezena da gorpuetako bat. Merkataritzako gauzaina zen Zabala, Donostian, eta 1936ko udazken hasieran desagertu zen. Familiak azaldu duenez, paseatzera irten zen; garai hartako lekukoen esanetan, «Kontxako barandillatik eraman zuten». Gauean bere etxera eraman zituzten Zabalaren uhalak eta errebolberra. Susmo guztiak bai, baina besterik ez du jakin, orain berri arte, sendiak. Millan Zabalaren alaba Celes Zabalak eman zituen datu horiek, atzo, Jaurlaritzako ordezkariekin eta auzitegi medikuekin egindako agerraldian. Genozidioaren Biktimen Elkarteko sortzaileetako bat da Celes Zabala.

Zazpi lagunen gorpuzkinak aurkitu ostean, omenaldia egin zieten Amaran, zubiaren obretan. Ertzaintzak egun hartan izan zuen jarrera salatu du Genozidioaren Biktimen Elkarteak: 301 euroko isuna jarri diete, nahiz eta, elkarteak dioenez, bazuen enpresa eraikitzailearen baimena.

(Berria. 2010 / 07 / 06)