Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteko kideak Odon Elorza alkateak Aieten gerra zibilean hildakoen omenez jarri nahi duen monolitoaren kontra agertu ziren atzo, ez baitzaiei toki aproposa iruditzen.
Auzitegi-Medikuntzako Euskal Erakundeak (AMEE), Aranzadi elkartearen eta Donostiako Udaltzaingoaren laguntzaz, 2009ko ekainean eta uztailean Amara auzoan aurkitutako bi hobietan zeuden gorpuetako bi identifikatzea lortu du. Hobiak Burdinazko Zubia eraikitzen ari ziren langileek topatu zituzten.
Zazpi gorpu atera zituzten bertatik. Sei gizonezkoenak eta emakumezko batena. Nahiz eta ez den oso ohikoa emakumeak aurkitzea, datuek diote Donostian 20 emakume desagertu zirela 1936 eta 1937 urteen artean. Guztira 386 donostiar desagertu ziren urte horietan gerra zibilaren eta frankismoaren errepresioaren ondorioz.
Genozidioaren Biktimen Elkarteko kide Felix Sotok esan zuenez, desagertutako ia 400 pertsona horiek zibilak ziren, eta gerraren biktimak baino okupazio militarraren biktima izan ziren. Horien duintasuna berreskura dadila eskatzen du elkarteak eta gertatutakoa inoiz ez ahazteko ezagutzera eman dadila. Horregatik, Odon Elorza alkateak Aieteko jauregian jarri nahi duen monolitoaren kontra daude. Elkarteak Donostian hildakoak oroitzeko eskultura bat jartzea proposatu zuen, eta alkateak ideia bere egin eta lehiaketa bat antolatzea erabaki zuen, irabazle ateratako lana Aiete jauregian jartzeko, Franco jeneralak oporrak pasatzen zituen tokian hain justu.
Sotoren esanetan, ez zaie toki aproposa iruditzen bi arrazoirengatik. Alde batetik, Francoren egoitza izan zen eta ez dute nahi hildakoak diktadore harekin lotzea. Beraien ustez, monolitoa Aieten jartzea Madrilgo Valle de los Caidos-en gisako bat sortzea izango litzateke. Bestetik, eskultura toki publiko batean jartzea nahi dute, Bulebarrean edo Gipuzkoa plazan, adibidez, jendeak zer gertatu zen jakin dezan.
Gainera, 386 hildakoen izenak agertzea nahi dute. Nahiz eta Elkartea ez den Odon Elorzak egin nahi duen lehiaketara aurkeztuko, Donostiako erdialdean kokatu nahiko lukeen eskultura baten maketa egin du. Eraikiz gero, 4 metroko altuera izango luke altzairuzko eskulturak.
Horrez gain, elkarteak Donostiako Udalari kontuan har dezala eskatu dio, jaramonik egiten ez diela uste baitute. Giza Eskubideen Batzordeak egiten dituen bileretara joateko eskaera egin dute, baina ez dituzte gonbidatu. Iaz hainbat gutun bidali zizkioten alkateari, baina erantzunik jaso ez zutenez, Arartekoarengana jo behar izan zuten. Orain, elkarteko kideak biltzeko lokal bat eta diru laguntza eskatzen dute, baita hildako guztien izenak bilduko dituen argitalpen bat plazaratzea ere.
Elkartearen ustez, Donostiako Udalak Donostian gerra zibilean hildakoei, nahiz eta asko izan, ez die duten garrantzia ematen. AMEEk Amara auzoan aurkitutako bi hobiak langileak hodi bat jartzen ari zirela agertu ziren eta inguruan gehiago izan litezkeela-eta horretan dirua inbertitu beharko luke Udalak, elkarteko kideen aburuz.
Senideak garrantzitsuak dira
Amarako hilobietan aurkitutako zazpi gorpuetatik bi identifikatu ahal izan dituzte senideek laguntza eskaini zutelako. Horregatik, desagertutako senideren bat duten pertsonei informazioa eskatzeko deialdia egin du AMEEk, DNA laginak alderatzea beharrezkoa delako hildakoak identifikatzeko. Amarako hobietan, hezurrez gain, botoiak eta balak aurkitu zituzten, eta horiei esker jakin ahal izan dute hildako batek Donostiako Udalean lan egiten zuela eta su-arma batek hil zuela.
Identifikatutako hildako bat Millan Zabala da. Bost seme-alaba zituen eta Donostiako udaletxeko gauzaina zen. 85 urteko Celestina Zabalak, hildakoaren alabak, ondo gogoratzen du bere aita desagertu zen eguna. Intxaurrondon bizi ziren zabalatarrak, baina 1936ko irailaren 27an Millan Donostiara joan zen.
55 urte zituela Kontxan tropa frankistek harrapatu zuten eta senideek ez zuten berriro ikusi. Orain dela hiru hilabete eskas jakin zuen Celestinak zer gertatu zitzaion bere aitari, eta orain behintzat agertu izanak nolabait ase du. Hala ere, nahiz eta aspaldiko kontua izan, ez duela inoiz ahaztuko esan zuen.
(Gara. 2010 / 07 / 06)