Aurtengo Gudari Egunaren harira ere ekitaldiak egiten ari dira Euskal Herrian. Zarautzen, kasu, Jon Paredes Manot Txiki gogoan izan dute hainbat lagunek gaur, hilerrian. Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren baimena zuen arren, Ertzaintza bertan izan da; ez da istilurik egon. Iaz Ertzaintza oldartu egin zitzaion jendeari.
Gaur 35 urte frankismoak fusilatu egin zuen Txiki etakidea. Angel Otaegi kidea ere bai. Hau larunbatean izan zuten gogoan bere herrian -Azpeitian, Nuarbe auzoan-. Zarautzen 19:30ean manifestazioa egingo dute, Musika plazatik irtenda. Azpeitian ere ordu bererako daukate hitzordua, plazan. Aldiz, Herrizaingo Sailak debekatu egin ditu Alonsotegiko eta Durangoko martxak. Borroka da bide bakarra lelopean deitu zituzten. Jaurlaritzaren arabera, Durangoko antolatzaileek bertan behera utzi dute deialdia, Alonsotegikoek oraindik ez.
(Berria. 2010 / 09 / 27)