sábado, noviembre 14, 2009

FRANKISMOAREN BIKTIMA UGARIRI EPEA BUKATU ZAIE LAGUNTZA ESKATZEKO

1968. urtetik 1977. urtera arte «demokraziaren defentsan» hil zirenen senideek kalte-ordaina jasotzeko epea atzo bukatu zen. Memoria Historikoaren Legearen 10. artikuluan zehaztuta dagoen kalte-ordainaren arabera, 135.000 euro aitortzen zaizkie hildakoen senideei. Ahaztuak elkartearen arabera, 85 biktimaren senideek izango lukete horretarako eskubidea Euskal Herrian, baina bederatzik baino ez dute behar zen dokumentazioa aurkeztu epe barruan -hilabete izan dute-. Horren arrazoia argi du elkarteak. Senideek ez dute inolako informaziorik jaso.

Memoria Historikoaren Legearen 10. artikulua indarrean jarri zenean, inork ez zien esan hildakoen senideei epea hasi zela. Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, baina inongo administraziok ez zien horren berri eman. «Ez Espainiako Gobernuko inork, ez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaritzak, ezta Biktimen zuzendaritzak ere», nabarmendu du Martxelo Alvarezek, Ahaztuak-eko kideak.

Igandean ohartu zen horretaz Ahaztuak elkartea, «ustekabean». 85 hildakoren -1961etik 1977ra hildakoak hartu ditu kontuan- senideekin harremanetan jartzeko ahalegina egin du Ahaztuak-ek, eta hamar seniderekin harremanetan jartzea lortu du, legez dagokien kalte-ordaina eska dezaten. «Dirua ez da azken helburua, ezta helburu bakarra ere, ezta garrantzitsuena ere, baina haritik tiraka jarraitzeko baliagarria da», azaldu du Martxelo Alvarezek.

Lege hori ezartzerakoan biktimen artean egiten den bereizketa kritikatu du Ahaztuak-ek. «Demokraziaren defentsan» hil ziren pertsonak zehazten dira legean, eta horrek egungo ikuspuntutik ikusita pertsona batzuk baztertzeko balio dezakeela uste du elkarteak. «Egoki ikusi zuten moduan diktadura baten aurka borrokatu ziren pertsonak dira», gogorarazi du Martxelo Alvarezek.

Kritika

Legea bera alde batera utzita, administrazioaren jokabideari «gizatasun falta ikaragarria» egotzi dio Ahaztuak-ek. Administrazioak hildako lagunen senideen zerrenda duela argi du elkarteak, eta epea hasi zenean horren berri eman ez izana gogor kritikatu du. Instituzioen «benetako inplikazioa» eskatu du Ahaztuak-ek frankismoaren biktimen eskubideak aintzat hartzeko ahaleginean, modu serioan. «Azken gertaera honek agerian uzten du nola hartzen duten gaia», nabarmendu du Alvarezek. @1961. eta 1977. urteen artean hildako 85 lagunen zerrenda osoa dago webgunean, Agiriak atalean: www.berria.info

AURKEZTUTAKOAK

Felix Arnaiz Maeso. 1969. urteko abuztuaren 3an hil zuen Poliziak, Itzubaltzetako (Bizkaia) jaietan. Poliziaren eta bizilagunen arteko tirabiretan, tiroak izan ziren, eta Felix Arnaiz horiek hil zuten.

Antón Fernandez. 1969. urteko urriaren 28an hil zuten, Erandion (Bizkaia). Polizia Armatuak eta Guardia Zibilak tiro egin zuten aireko kutsaduraren aurkako manifestazioa batean. Mobilizazioan izan ziren auzotarren beste hainbat aldarri, bai eta langile mugimendukoak ere.

Josu Murueta. 1969. urteko urriaren 29an hil zen. Polizia Armatuak eta Guardia Zibilak aireko kutsaduraren aurkako manifestazioa batean tiro egin zioten, Erandion. Mobilizazioan izan ziren auzotarren beste hainbat aldarri, bai eta langile mugimendukoak ere.

Roberto Perez Jauregui. 1970eko abenduaren 4an hil zuten, Eibarren (Gipuzkoa), poliziek egindako tiroen ondorioz. Burgosko Epaiketa zela-eta Eibarren egindako manifestazio batean ari zen parte hartzen, eta Poliziak manifestazioaren aurka oldartu zen.

Blanca Salegi. 1975. urteko maiatzaren 15ean hil zuten, Guardia Zibila Gernikako etxe batean sartuta, ETAko kide bat han zegoela eta.

Iñaki Garai. 1975. urteko maiatzaren 15ean hil zuten, Guardia Zibila Gernikako etxe batean sartuta, ETAko kide bat bertan zegoela eta.

Angel Otaegi. 1975. urteko irailaren 27an fusilatu zuten, Burgosen.

Jon Paredes, 'Txiki'. 1975. urteko irailaren 27an fusilatu zuten, Bartzelonan.

Vicente Anton Ferrero. 1976. urteko martxoaren 8an hil zuen Guardia Zibilak, Gasteizen. Martxoaren 3an gertatutako sarraskia eta bertan gertatutako hilketak salatzeko manifestazio batean parte hartzen ari zen.