Ertzaintzak Jose Paredes Txiki-ren omenaldia zergatik debekatu zuen azal dezala eskatu dio EAJk Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari. Frankismoak Txiki fusilatu zuenetik 34 urte bete ziren irailaren 27an, eta Ertzaintzak urtemuga horren harira senitartekoek Zarautzen (Gipuzkoa) egin behar zuten omenaldia egitea galarazi zuen. EAJ haserre agertu da Ertzaintzaren jokabide horrekin, eta gertatutakoaren inguruan duen «bertsioa» Eusko Legebiltzarrean azal dezala galdegin dio Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkideak Aresi.
Halaber, EAJko legebiltzarkideak Herrizaingo sailburuari galdetu dio azal dezala Ertzaintzak zer dela-eta kendu zituen ikurrina eta Errepublikako bandera bana Txikiren hilobitik. «Zein lege urratzen dituzte bandera horiek?», galdetu dio.
Arrizabalagarentzat, ulertezina da Franco hil zenetik 30 urte pasatu eta gero frankismoaren biktimei galaraztea beren senitartekoak omentzea. «Nola uler daiteke ama bati debekatzea fusilamenduaren urteurrenean bere semea oroitaraztea?», itaundu dio Aresi. EAJko legebiltzarkideak gogoratu du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatu zuela Zarauzko omenaldia, eta bere helburua zela Francoren erregimenean fusilatutako azken lagunen «memoria» omentzea.
(Berria. 09 / 10 / 3)