Matxinada militarraren lehenengo egunetan okupatu zituzten Nafarroa eta Araba kolpe zaleek. Hala ere, erreketeen, monarkikoen eta falangisten laguntza eta Molaren agintaritza zuten militar horiek ezin izan zituzten egitasmo genozidak bete ez Gipuzkoan ezta Bizkaian ere, Nafarroan egina zuten bezala.
Donostian, milaka miliziano bolondresek egin zieten aurre. Jatorri ezberdinekoak guztiak ere: Gazte Sozialista Batuak, Alderdi Sozialista, Alderdi Komunista, Izquierda Republicana, Union Republicana, Ezquerra Vasca Federal, Eusko Abertzale Ekintza, UGT eta CNT sindikatuak eta ELAko zenbait euskal solidario; geroago, zoritxarrez, EAJko eta Jagi-Jagiko militante antolatuak batu ziren matxinatuen aurkako borrokara.
Irailaren hondarrean, Molak Gipuzkoan erresistentzia errepublikanoaren azken eremuak okupatzeko agindua eman zuen; Elgeta eta Eibar ziren eremu horiek, Bizkaian sartzeko ate gisa ikusten zirenak estrategikoki.
Egun batzuk aurretik, Lezo de Urreztietak (Jagi-Jagiko militantea) Santanderko portura arma ugari ekartzea lortu zuen; irailaren 23an iritsi zen Elgeta-Eibarko frontera armateria hori.
Urriaren 4ko egunsentian, matxinatuek erasoari ekin zioten. Bergarako errepidetik gora zihoazen blindatuen ibilaldia etenarazi zuten; Asensiomendi lepotik aurrera egiteko asmoa zuen infanteria ezin izan zen Asentzioko ermitatik harago joan. Zabaleta izan zen lehen lerroa haustea lortu zuten puntu bakarra; Gaztelumendi mendiraino iritsi ziren, baina ezin izan zioten eutsi posizio horri luzaz, eta mendian behera ihes egin behar izan zuten.
Molak urriaren 12an muzin egin behar izan zion Bizkaia hartzeari Eibar eta Elgetako inguruetatik abiatuta.
Intxorta defendatzeko urriaren 4an egindako borrokari esker, Eusko Jaurlaritza eratu ahal izan zen urriaren 7an. Nazio bilgune izaera hartu zuen gobernua izan zen hura, eta faxismoa azpiratzea, Euskal Herriaren defentsa eta legaltasun demokratikoa izan zituen zutabetzat.
Hainbat korronte politiko eta sindikaletako batailoi gehienek hartu zuten parte Intxortako borrokan. Nolanahi ere, 1937ko apirilaren 24an, Elgeta Alemaniaren, Itailaren eta marokoar mertzenarioen laguntza zeukaten faxisten menpe geratu zen.
Estatu frankista estatu kolpe baten eskutik, hots, ekintza kriminal baten eskutik jaio zen, eta gerra genozida batean oinarritu zen. Edozein disidentzia mota errukigabe zapalduz sendotu zen estatu hori. Aipatu zapalketa hori legez kontrako Estatu batean, salbuespenezko epaitegietan eta justiziarik zein zilegitasunik gabeko epaietan oinarritu zen. Milaka lagun epaitu zituen; zilegitasun demokratikoaren eskutik herritarren eta herri zapalduen eskubide zibil eta politikoak defendatzen zituzten lagunak; hain zuzen ere, matxinadaren eta sedizioaren akusazioa erabili zuten horretarako. Salbuespeneko epaitegiek emandako sententzia guztiak bertan behera uztea demokrazia ariketa izango litzateke, askatasunaren alde bizia eman zutenen ohorez.
Jose Luís Arenillasek, Euskadiko Osasun Militarreko Buruak, POUMe-ko militantea zenak, zera idatzi zuen, fusilatua izan aurretik: «Euzkadiko seme eta langileen kausaren defendatzaile gisa zegokidan eginkizuna bete dudala pentsatuta hilko naiz. Badakit zuek bizirik iraungo duzuela eta gehiago ahalegindu zaretela guztiok elkarrekin orpoz orpo egin nahi izango genukeen eginkizun horren alde. Euskal Ejertzitoko borrokakide guztiei adierazi, mesedez, haiek izango ditudala oroitzapenean; eta haiek bezala Euzkadi Askatua eta langile guztien kausa. Gurea baino zori hobea desiratuz, zera aldarrikatzen dut: bare-bare eta gizateria askearena den gure Kausaren etorkizunean sinistuta hilko naizela».
Intxortan erakutsitako borrokaren ereduari jarraiki, Lau Haizetara Gogoan plataformatik genozidio frankistaren inpunitatearen aurkako eustorma altxatzeko konpromisoa hartzen dugu. Eustorma hori neofrankistatzat jo daitezkeen posizioak edukita isiltasunaren eta ahazturaren inposizioan betikotu nahi dutenen aurka ere altxatu beharra dago. Izan ere, inpunitate eta inposizio horiek egun daukaten ustezko zilegitasun instituzionalen aldeko abal gisa hartu nahi dituzte.
Frankismoaren biktimen eta oroimen historikoaren aldeko euskal erakundeek defendatzen ditugun puntuetatik bat bera ere onetsi gabe jarraitzen du, sistematikoki, Espainiako erreinuak.
Egia, Justizia eta Kalte-ordainak gauzatu gabe diraute, eta bien bitartean, alderdi politiko antifrankistak legez kanpo uzteak argi uzten du ez errepikatzeko bermeak ere errealitate izatetik oso urrun daudela.
Hemendik gonbita doakizu, etor zaitezen miliziano eta gudari guztiei eta isilarazitako emakume guztiei eskainiko zaien omenaldira. Hitzordua, Intxortako Atean, bihar.
(Berria. 09 / 10 / 3)