1960ko hamarkadan Gipuzkoako ikastolak martxan jarri zituzten andereñoei emango die Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo Urrezko Domina. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi duenez, aitortza horren bitartez andereñoei eskertu nahi diete klandestinitatean hezkuntzari, euskarari eta kulturari emandako bultzada. Olanok nabarmendu du frankismo garaian ikastolak sortzeko haiek izandako «ausardia, konpromisoa eta borondatea».
Jakinarazi duenez, abenduaren erdialdean emango zaie Gipuzkoaren alde egindako lana aitortzen duen saria. Besteak beste, Mikel Laboak (2008), Jose Migel Barandiaranek (1982), Euskaltzaindiak (1994) eta Pedro Migel Etxenikek (2006) jaso dute orain arte Gipuzkoako Urrezko Domina.
(Berria. 09 / 09 / 30)