Julio Alberto Poch Argentinar jatorriko pilotua baldintzarik gabe kartzelatzea agindu du Valentziako Qart de Pobleteko Auzitegiak (Herrialde Katalanak). Manisesko aireportuan atxilotu zuten, atzo; Argentinako diktadura garaiko heriotzaren hegaldietan parte hartzea leporatzen diote Pochi. Valentziako Auzitegi Gorenak jakinarazi du Argentinako agintariek estradizio eskaera egin dutela, tortura auzietan izan zuen erantzukizunaren harira. Epailearen aurrean deklaratu ostean, Picassenteko espetxera eraman zuten, eta auzitegi zentralaren zaintzapean geratu da. Hark erabaki beharko du Argentinak eginiko eskaera onartzen duen ala ez.
Amsterdamera (Herbehereak) hegazkineko komandante gisa abiatzear zen unean atxilotu zuten; hegazkinak 40 minutuko geldialdia egin zuenean, hain zuzen ere. Argentinako diktadura militarrean (1976-1983) armadako eskola mekanikoko itsasontziko kapitaina eta itsas pilotua izan zen Poch; egun, indar armatuak alde batera utzita, Herbehereetako hegazkin konpainia bateko komandantea zen. Europan zehar egiten zuen hegan, eta Valentzian eskala egiten zuen askotan.
Espainiako Poliziak Interpolen laguntzarekin lortu zuen haren benetako nortasuna argitzea. Herbehereetako herritartasuna zuen egun atxilotuak. Schipol aireportutik irten eta Manisesera joan ohi den hegazkina sarritan pilotatu zuen, atzo atzeman zuten arte.
(Berria. 09 / 09 / 24)