viernes, agosto 21, 2009

VIDELA DIKTADORE OHIA 31 HILKETAGATIK EPAITUKO DU ARGENTINAKO JUSTIZIAK

«Gerra guztietan daude bizirik atera diren pertsonak, elbarri geratu direnak, hildakoak eta desagertuak», esan zuen Jorge Rafael Videlak 1977an, lasai, inork zigortuko ez zuelako ustean. Argentinako presidentea zen orduan, aurreko urteko estatu kolpea zela medio. «Argentinan gerra amaitu da eta ondorioei aurre egiteko prest egon behar dugu. Desagertuak dira horietako bat, nahi ez genuen ondorioa». Eta 32 urte geroago, desagertu haietako batzuengatik, erantzun egin beharko du Videlak: 31 preso politiko hil zituelakoan epaituko du Argentinako Justiziak. Epaiketa eguna ez dute oraindik zehaztu.
Diktaduraren biktima haiek, Cordoba probintziako espetxean preso zeudela, 1976ko apirila eta azaroa artean torturatu eta hil egin zituzten. Junta militarreko burua izandakoari leporatzen diote gertakari haien erantzukizuna. Baina baita garai hartako beste 24 militarri ere. Hori hala, Videlarekin batera, besteak beste, Luciano Benjamin Menendez jeneral ohiak eta Vicente Melik koronel izandakoak igaro beharko dute Cristina Garzon de Lascano epailearen aurretik.
Milaka hildako
Odolustea hasi baino ez zen egin Videlak gerrako ondorioei buruzko adierazpenak egin zituenean. Izan ere, bera buru izan zuen 1976tik 1981erako diktadura militarrean 30.000 lagun hil ziren; giza eskubideen aldeko erakundeek ematen duten zifra horretan desagertuak ere badaude. Bertsio ofizialaren arabera, ordea, 18.000 zendu ziren.
Krimen horiengatik guztiengatik lehenengoz 1985ean prozesatu zuten Videla. Bi urte zeramatzan agintean Raul Alfonsinek, hauteskunde bidez aukeratua izan ostean, eta garai berria hasi zela erakutsi nahi zuen. Hala, Conadep Pertsonen Desagertzeak Ikertzeko Batzorde Nazionala eratu, eta haren emaitzetan oinarritu zen hainbat militar ohi auzitara eramateko. Videlari bizi guztirako kartzela zigorra ezarri zioten, bere agintaldian milaka lagun hiltzeagatik, 540 lagun legez kanpo preso edukitzeagatik, bahitzeagatik eta torturatzeagatik, besteren artean.
Era berean, Condor Plana ezartzeagatik ere kondenatu zuten. Argentina, Brasil, Bolivia, Txile, Paraguai eta Uruguaiko diktaduren arteko akordioa zen hori, eskualdean ezkerreko ekintzaileak zapaltzeko. Hori hala, edozein kargu publiko izatea debeka- tu, eta gradu militarra kendu zioten Videlari. Justizia Auzitegi Gorenak berretsi zuen epaia, 1986an.
Lehengo diktadorea, baina, ez zen luze egon itzaletan. Bost urte egin zituen espetxean. Izan ere, Carlos Menemek, presidentearen eskumen batez baliatuta, barkatu egin zion 1990ean. «Igarotako gatazkak gainditzeko modu bakarra da», argudiatu zuen.
Barkamenari esker, zortzi urte egin zituen libre. Baina 1998an Videla etxean atxilotzeko agindu zuten -artean Menem zen gobernuburua -, aurreko hamarkadan epaitu ez zuten ustezko delituengatik. Tartean, preso zeudenen haur jaioberriak bahitu eta militarren senideei ematea leporatu zioten. Gizateriaren kontrako krimena zenez, barkamenak barkamen, indarrean jarraitzen zuen.
Prozesu horrek zabalik jarraitzen du egun. Norberto Oyarbide epaile federala ari da kasua aztertzen. Horren harira, iazko urrian etxeko atxiloaldia amaitutzat eman eta kartzelara bidali zuen Videla, giza eskubideen aldeko taldeen eskariari men eginez.
(Berria. 09 / 08 / 21)