Irailaren 18an plaza berria zabalduko dute Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren jauregiaren atzealdean. Itxita egon da aspaldiko urteetan, baina berritze lanak egin eta «herritarrentzat 1.000 metro koadro baino gehiagoko espazio publikoa» zabalduko dutela jakinarazi du Aldundiak. Plazak, bestalde, frankismoak jazarritakoei omen egiteko balioko du. Hain justu, Teodoro Olarteren, Arabako ahaldun nagusi izandakoaren, hilketaren urteurrenean egingo dute plaza inauguratzeko ekitaldia -indar faxistek 1936an hil zuten Olarte-. Anabel Quincoces artistaren Argiaren basoa lana kokatu dute plaza berrian, eta frankismoko biktimei eskaini die lana artistak. Aldundiak adierazi du Araban memoria historikoa bizirik edukitzeko konpromisoa bete duela plaza irekita.
(Berria. 09 / 08 / 20)