viernes, febrero 06, 2009

AITAREN ARRASTOAREN SEGIKA

Haize Goikoetxea Ugarte Ipar Euskal Herrian sortu zen, duela 26 urte. Iheslari bikote baten bigarren alaba da. Baina ezer gutxi daki bere aitaz. Bi urte bete gabe zituenean, GALek Mikel Goikoetxea Txapela hil zuen tiroz. ETAko militantea, Hodei eta Haizeren aita. Urte luze hauetan, aitaren heriotza sendatu gabeko zauri sakona izan da Haizerentzat. Gauza gutxi dakizki aita zuenari buruz. Amarentzat, Izaskun Ugarterentzat, oso gogorra izan baita alabekin bikotekide zuenari buruz hitz egitea.
Josu Martinezek idatzi eta zuzendu duen film dokumentalean mintzatu da Haize Goikoetxea aitari buruz, Itsasoaren alaba lanean. Bera bakarrik ez: Txapela ondo ezagutu zutenak elkarrizketatu ditu, aitaren inguruan gehiago jakin guran. Txapelari buruzko irudi osoagoa izan gura zuen Goikoetxeak. «Zirkulu bat itxi». Eta Martinezengana jo zuen laguntza bila. «Aita ezagutu zutenak elkarrizketa ditzagun gura dut».
Eta halaxe egin dute, IPESek emandako Julio Araluze bekari esker. Euskal Herrian barrena ibili dira, hara-hona. Txapelaren bizitzaren une erabakigarrien lekuko izan ziren pertsonen bila.
Jose Manuel Pagoaga Peixoto da hitz egiten lehena. Hiltzean lur eman beharrean Txapelak bere gorpua errausteko eskatu zuela kontatu dio Goikoetxeari. Bere errautsak Euskal Herria zapaldu gura zutenek ezarritako mugaren erdian zabaltzeko eskatu zuen, halaber, Txapelak. «Muga desegin nahian, nolabait».
Argiñe Goikoetxeak, Txapelaren arrebak, umetako garaiak dakartza gogora. Bost neba-arreba ziren. Langile familia batean sortuak, Zamudion, Bizkaian. Baina oso gazterik Deriora joan ziren bizitzera. Urte gogorrak pasatu zituzten. Baina Mikel Goikoetxea «mutiko alaia» zela gogoan du haren arrebak; «erraztasun handia zuen lagunak egiteko». 1972an, Guardia Zibilak Txapelaren anaia nagusia hil zuen: Jon Ugutz Goikoetxea. «Bere buruaz beste egin zuela esan ziguten, baina ez da egia, haiek hil zuten», azaltzen du filmean Argiñe Goikoetxeak, Txapelaren eta Jon Ugutzen arrebak. Txapelak 15 urte zituen bere anaia nagusia hil zutenean.
Bizkaiko Txorierri eskualdeko lurretatik Gasteizera egiten du filmak ondoren, Jesus Mari Alegria Pinturas-engana. Franco hil berritan, ETAko militante talde bat Aljeriara joan zen entrenamendu militarra jasotzera. Talde horretan zeuden Pinturas eta Txapela. Eta Afrikako iparraldeko herrian izan zireneko abenturak kontatzen dizkio Pinturasek Goikoetxeari. «Mundu berria sortu nahi zuen zure aitak».
Mitxel Sarasketa algortarra ere ageri da dokumentalean. 1978an atxilotu zuten Sarasketa. Eta 20 urte geroago atera zen kartzelatik, 1998an, osasun arazo larriak sufritu ondoren. Txapelaren komando berberean borrokatu zen Sarasketa. «Bizirik ez zutela harrapatuko zioen». Hernaniko enpresa batean egindako lapurreta eta Donostian guardia zibil bi hil zituzteneko ekintza kontatzen dizkio Sarasketak Goikoetxeari.
Solasaldia bukatutakoan, Goikoetxearen gogoetei egiten die tartea Martinezen dokumentalak. Arraro sentitu da bere aitak guardia zibilak hil zituela entzunda. ETAko militantea izanik, badaki hil egin zuela. «Baina ez dut inoiz hiltzailea zenik sentitu», dio Goikoetxeak.
Bilbo da filmaren hurrengo geltokia. Izaskun Ugarteren etxea, Haize Goikoetxearen amarena. «25 urte zituen Mikel lapurtu ziotenean», dio Goikoetxeak amari buruz. «Galdetzen nion ea hiltzea gogorra egiten zitzaion, eta baietz erantzuten zuen. Oso gogorra zela. Horregatik ez zitzaion gustatzen jendearekin horretaz hitz egitea, ezer ospatzea, modu arinean gaia tratatzea. Berarentzat ez zen jolas bat», azaldu du Ugartek Txapelari buruz.
1979ko urtarrilaren 1ean joan zen Ugarte Ipar Euskal Herrira. Txapela han zegoen errefuxiaturik. «Handik hogei egunera, Mikel eta beste hamazortzi errefuxiatu Valensole hirian konfinatu zituzten. Iparraldera ekartzeko autobusak antolatu zituen jendeak, eta bidaian atxilotu eta kartzelara sartu zituzten». Txapelak ez zuen gura Espainiara estraditatzea. Zainak ere moztu zituen, protesta gisa. Orduan, Hodei izeneko neskatoa zuen sabelean Ugartek: Txapelaren alaba nagusia urte horretan jaio zen, 1979an.
Epaiketan, Telesforo Monzon
Epaiketan, Telesforo Monzon izan zen defentsaren lekukoetako bat. Epaia Txapelaren aldekoa izan zen: militante politikoa zela ebatzi zuen epaileak. Eta ez zuen onartu, horrenbestez, Espainiaren estradizio eskaera.
Euskarazko eskolak ematen zizkien helduei Txapelak, Donibane Lohizuneko ikastolan. Baina 1982an PSOE iritsi zen agintera, eta urtebeteren ondoren sortu zuen GAL taldea, 1983an. Ugartek honelaxe gogoratzen du garai hura: «Gauean etxeratzean, atea ixtean, haren kontra babesa hartzen zuen. 'Beste egun bat' esaten zuen». Bazekien ez zuela denbora askorik iraungo bizirik. Haizeri poema bat idatzi zion jaio zenean. «Zerbait izan nezan», dio alabak.
1983ko abenduaren 28an, etxera heldu eta autotik jaistean egin zion tiro GALeko mertzenario batek Mikel Goikoetxea Txapela-ri. Garuneko heriotza eragin zion. Eta 1984ko urtarrilaren 1ean hil zen, Baionako erietxean. Haren errautsak 1984ko urtarrilaren 6an zabaldu zituzten Hondarribia eta Hendaia artean, Bidasoa itsaso bihurtzen den tokian.

Filma emango dute bihar Gernika-Lumoko Oroimenaren I. EguneanBilboko Capitol aretoko estreinaldiaren ostean (12:00etan), Itsasoaren alabak Gernika-Lumon emango dute, Ahaztuak elkarteak antolatu duen Oroimenaren I. Egunean. Dokumentala Elai Alai aretoan emango dute, bihar, 17:30ean. Emanaldiak helburu argia dauka: Euskal Herriko «memoria demokratiko antifaxista» gogora ekartzea, elkarteko kide Martxelo Alvarezek azaldu duenez. Frankismoko biktimen omenezko lore eskaintzarekin hasiko dute eguna, Pasealekuan, 13:00etan, bertsolarien eta dantzarien laguntzarekin. Dangiliske eta Fermin Balentziak kontzertua emango dute 19:00ean, Elai Alai aretoan. 36ko gerra amaitu eta 70 urtera «memoriaren hiritik Memoria Historikoaren bidea zabaltzea» izango dute hizpide.
(Berria. 09 / 02 / 6)