Ibarrengeluko herritarrek omenaldia egingo diete gaua Juan Telletxea eta Matxitxakoko batailan borrokatu ziren Bou Nabarra ontziko gainontzeko marinelei. Omenaldia Akorda auzoko plazan izango da arratsaldeko 13.30ean eta bertan Telletxea herriko semea bera egotea espero da, orain Asturiasko San Juan de la Arena herrian bizi bada ere, bertara ezkondu baitzen.
Telletxea akordarra da bizirik geratzen den Bou Nabarra itsas on-tziko marinel bakarra. Matxitxakoko batailaren 71. urteurrena zela eta, iragan otsailaren 29ko osoko bilkurak omenaldia egitea erabaki zuen eta, halaber, Akordan bertan eskultura bat jartzea, beraren eta gainerako marinelen oroigarri gisa. Eskultur lana Elena Solatxik eskulturgile durangarrak egin du eta, udal iturriek adierazi dutenez, "Solatxiren asmoa ez da auzoaren beste altzairu bat gehiago izatea, umeak gainera igotzea edo helduak bertan esertzeko gunea baizik".
Telletxea Ibarrangeluko Akorda auzoan jaio zen duela 91 urte. Ingalaterran nabigatzen egon ostean, Eusko Itsas Gudarostean sartu zen 20 urterekin, Espainiako Gerra Zibila hasita zegoenean. Bou Nabarra ontzian destinatu zuten eta 1937ko martxoaren 5ean Matxitxakoko batailan Canarias izugarriaren aurka borrokatu zen, ontziko beste 48marinelekin batera. Hemeretzi baino ez ziren bizirik atera, eta gaur egun Telletxea da bizirik dagoen bakarra. Batailaren ostean, atxilotu eta Donostiako Ondarretako espetxera eraman zuten eta heriotz zigorra ezarri zioten. Bi urte eman zituen han, aske geratu baitzen Canarias ontziko komandante batek hala agindu ostean. Gerora merkaritza ontzietan jarraitu zuen lanean erretiroa hartu arte.
(Deia. 08 / 07 / 20)