Juan Telletxea 20 urte zituela sartu zen Eusko Itsas Gudarostean, 1936ko gerra hasi berritan. Bou Nabarra ontzian eman zioten lekua eta 1937ko martxoaren 5ean Matxitxakoko batailan borrokatu behar izan zuen. Bertan, 48 gudaritik 19 baino ez ziren bizirik atera. Egun, bera da bizi den bakarra. Heriotza zigorrera kondenatua ere egon zen Ondarretako kartzelan (Donostia) eman zituen bi urteetan. Azkenik, Falangistekin gerran ibili behar izan zuen, Heriotza zigorretik libratzeko.
Jaiotzez, Ibarrangeluko (Bizkaia) Akorda auzokoa da, eta gaur 13:30ean bertako plazan omenaldia egingo diote 91 urte dituen Juan Telletxeari. Otsailaren 29ko Osoko Bilkuran gudari ohiari omenaldia egitea erabaki zuen Udalak. Bere omenez eta Matxitxakoko batailan ibili ziren guztien omenez, Elena Solatxok eginiko eskultura bat jarriko dute Telletxea jaiotako auzoan.
(Berria. 08 / 07 / 20)