martes, abril 08, 2008

"OROIMENAREN AUTOBUSA" IRUÑETIK ABIATUKO DA LARUNBATEAN "ISILTASUNAREN KONTRA". Hitzaldi era erakusketekin batera, Nafarroa osoa zeharkatuko du


«Aita bota zuten bide bazterrean galburuak ernetzen dira orain; ama kendu ziguten hormaren ondoan arrosa bat bildu dut goizean...». Horrelaxe dio «egia historikoa ezagutarazi» nahi duen "Oroimenaren autobusak". «1936ko kolpearen ondorioz faxismoari aurre egiteagatik zigortu zituztenen oroitzapena» aldarrikatzen dute, "Memoriaren Bideak" taldeko Edurne Beaumontek esan duenez. Lehenbizikoz, Nafarroan memoria historikoa berreskuratzeko mugimenduan parte hartzen duten zazpi elkarteek bat egin dute, «isiltasunaren aurka». "Alargunen Herria" Elkartea da beste taldeetako bat, eta bertako kide Carlos Martinezen esanetan, «ahaztu dutenei edo ahaztu nahi izan dutenei gogorarazi nahi diegu gertatutakoa». Fusilatuen eta 1936ko kolpe militarraren ondorioz desagertutakoen Senideen Elkartea, Ahaztuak 1936-1977, Mugarik Gabeko Psikologoak eta Hutsarte dira ekimenaren gainerako bultzatzaileak.

Horrenbestez, talde bakoitzak aldarrikatzen duena emanen dute ezagutzera: besteak beste, ikur frankistak kentzea eta fusilatuak errekonozitzea. Artxiboak eta oraindik ere arroiletan dauden gorpuzkinak berreskuratzea ere eskatzen dute. Gainera, elkarte horien mugak gainditu ditu egitasmoak, Nafarroako beste hainbat talde eta erakunde batu baitira, besteak beste, Sanferminak 78 Gogoan!, Emausko Trapuketarien Fundazioa eta Pamiela argitaletxea.

Autobusak Nafarroa osoa zeharkatuko du, eta ez du horretarako nolanahiko eguna hautatu: Apirilaren 12an abiatuko da, fusilatu errepublikazaleak omentzeko egunean. Iruñeko Gotorlekuko gibelean kokatuko da (omenaldia eguerdiko hamabietan hasiko da), eta igandean Lizarrarantz abiatuko da. Ekainaren 21ean itzuliko da Iruñera. Rodezno Kondearen plazan paratuko da, frankismoaren diktaduraren ikur den plazan. Ekimenaren helburua, oro har, «gaia kalera» eramatea da.

Hala, bada, memoria historikoa berreskuratzeko urtero antolatzen diren ekitaldietan edo aurten lehenengoz egiten direnetan izanen da autobusa: esaterako, Sartagudako Memoriaren Parkearen inaugurazioan (Maiatzaren 10ean) eta Ezkaban ihes egindakoei egingo zaien omenaldian (Maiatzaren 25ean). Datorren igandean, gainera, eguerdian, Txantreara joanen da autobusa, eta ikur frankistak dituzten kaleetan barrena ibilbidea eginen du.

Autobusak berak historia luzea du. 1950eko hamarkadan egin zuten, eta AEBetan eta Koreako gerran erabili ondoren, Francoren erregimenari eman zioten, Espainian base militarrak erabiltzearen ordainetan.

Urdinez eta horiz margotu dute, eta barnean sei pantaila ditu, ikus-entzunekoak proiektatzeko. Liburu denda ibiltaria ere badu barruan, La Hormiga Atomica liburu dendaren eskutik. Horretaz gainera, bisitariek euren bizipenak edo senitartekoenak kontatzeko aukera izanen dute.

EKITALDIAK
Autobusaren ibilbidea

Iruñea: Apirilaren 7tik 18ra, Maiatzaren 8an eta Ekainaren 23an, bukaeran.

Tafalla: Apirilaren 21etik 30era. Maiatzaren 3an eta 4an.

Castejon: Maiatzaren 2tik 16ra.

Sartaguda: Maiatzaren 10etik 11ra.

Lizarra: Maiatzaren 19an.

Altsasu: Ekainaren 1etik 15era.


ERAKUSKETA

Iruñea: Apirilaren 18ra arte, Kale Berriko 49. zenbakian.

HITZALDIAK

Iruñea
Emilio Majueloren "Errepresioa eta 36ko gerra", Apirilaren 10ean.
Iosu Chuecaren "Exiliatu errepublikazaleak, Gurs zelaia", Apirilaren 16an.
*Bi historialarien hitzaldiak Caldereriako udal aretoan izango dira.

Hitzaldiez gain, Iñaki Alforjaren 'Botilen hilerria' dokumentala aurkeztuko dute Apirilaren 17an.

«Ahaztu dutenei edo ahaztu nahi izan dutenei gogorarazi nahi diegu gertatutakoa»

CARLOS MARTINEZ
"ALARGUNEN HERRIA" TALDEKO ORDEZKARIA

(Berria. 08 / 04 / 08)