miércoles, marzo 12, 2008

FRANKISTEK 1936KO GERRAN HILDAKO IRUINDARREI UDALAK OMENALDIA EGITEA NAHI DU OPOSIZIOAK


1936ko gerran, frankistek 298 iruindar hil zituzten. Iruñeko Udalak horien omenezko plaka txiki bat paratu zuen, aspaldi ez dela, Ziudadelako harresietan, oso ongi ikusten ez den toki batean. Bertzerik ez du egin. Ez du plakaren inguruko ekitaldirik antolatu. Jokabide horrekin ez daude ados oposizioko taldeak, eta, horregatik, omenaldia egitea eskatzen duten bi mozio aurkeztuko dituzte, bihar, udaletxean eginen duten osoko bilkuran. Nafarroa Baik eta PSNk mozio bat aurkeztuko dute, eta EAE-ANVk bertze bat. NaBairen eta PSNren mozioak erraten du Iruñeko Udala «modu ofizialean» joanen dela «Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak Apirilaren 14 aldera Gaztelugibelean antolatzen duen omenaldira».

EAE-ANVren mozioak ere eskatzen du Iruñeko Udalak «omenaldi ofiziala eta publikoa» egiteko. Horretaz gain, jarritako plaka handiagoa izatea eta toki egokiagoan egotea eskatzen du, eta udaletxean bertze plaka bat paratzea eskatzen du, 1936an erail zituzten sei zinegotziak bereziki gogoratuko dituena. Berez, ANVk aurkeztuko duen mozioa Ahaztuak 1936-1977 elkartearena da.

Ortzeguneko bilkuran Nafarroa Bai, PSN eta ANV ados jartzen badira eta bi mozioetako baten bat onartzen badute, UPNk gidatzen duen Iruñeko Udalak omenaldia egin beharko die 298 iruindar horiei. Dena dela, ikusteko dago zer gertatuko den. Izan ere, Ahaztuak elkarteak prentsaurrekoa eman zuen atzo eguerdian, mozioari buruz hitz egiteko. Eta prentsaurreko horretan azaldu zuten Nafarroa Bairen eta ANVren babesa izanen zutela baina PSNz ez zekitela «deus», ez baitzien oraindik erantzunik eman. Geroxeago, alderdi sozialistak prentsa oharra bidali zuen NaBairekin batera mozioa aurkeztuko zuela esplikatzeko.
Ahaztuak elkarteko kide Javier Garcia Charelak gogor salatu zituen Ziudadelan jarritako plakaren nondik norakoak. Plaka tamaina txikikoa dela -«DINA-4 orri paper baten tamainakoa»-, oso gaizki irakurtzen dela, eta apenas ikusten den toki batean dagoela salatu zuen. Plakaren tokia eta tamaina aldatzea eskatu zuen, bai eta «298 iruindar haiek merezi duten omenaldi publikoa eta ofiziala» egitea ere.

Ahaztuak elkartearen ustez, 1936ko gerran, Iruñean eta Nafarroan gertatu zena «genozidioa» izan zen, gerra fronterik izan gabe 3.200 pertsona inguru hil zituztelako. «Faxismoaren biktimek ez dute behar kontzientziak lasaitzeko lore sortarik edo adierazpen hutsalik», erran zuen Garcia Charelak. «Egia jakiteko, zauria ireki egin behar da, justiziarekin garbitu behar da, eta kalte-ordainekin itxi behar da, inpunitatearen infekzioa berriz ager ez dadin».

Biharko bilkuran mozioa onartu ala ez, Ahaztuak elkarteak dei egin die iruindarrei bihar ere, 19:00etan, elkarretaratzea egin dezaten Iruñeko Udaletxe plazan.

KALE IZEN FRANKISTAK, TXANTREAN
Iruñeko Txantrea auzoko hogei kalek frankismoaren alde borrokatutako pertsonen izenak daramatzate. Horiek kentzeko agindu du, duela gutxi, Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Baina Iruñeko Udalak erran du helegitea paratuko duela, hori ez egiteko. Eta biharko osoko bilkuran, PSNk eta ANVk mozio bana aurkeztuko dute Udalak helegitea aurkez ez dezan eta legea bete dezan eskatzeko.
(Berria. 08 / 03 / 12)