jueves, diciembre 21, 2006

GUDARIEN ALTXOR GALDUAK. "Arratiako kanta galduak" izeneko diskoa egin dute Igorreko Instituto ikasleek 36ko gerrako gudarien kantak berreskuratzeko


Askotariko altxorrak dira munduan, eta baliotsuenak ez dira urrea eta zilarra gordetzen dituztenak. Horixe bera uste dute Arratiako "Geure Berbategie" egitasmoan lan egiten dutenek: «Herriko kultura eta hizkuntza gordetzea, hori da gure altxorrik handiena». Juan Rekalde irakaslea hainbat proiektutan ari da ondare hori gordetzeko helburuarekin, eta, horietariko bat gauzatzeko, Igorreko Arratia institutuko ikasleei eskatu zien laguntza, duela lau hilabete. Orain dela 70 urte inguru, gerra garaian, Arratiako Konpainiako gudariek eta herritarrek kantatzen zituzten abesti zaharrak biltzea eta disko batean plazaratzea proposatu zien, hain zuzen ere.
Erronkari baiezkoa eman zioten ikasleek eta, ondoren, gogotsu egin dute lan azken hiletan. "Geure Berbategi"koek emandako zerrendatik kantuak aukeratu, moldaketak egin, doinuak sortu eta, azkenean, diskoko 11 kantak grabatu behar izan dituzte. Orain, aurki kaleratuko duten diskoan ez ezik, zuzenean ere aurkeztuko dute eginiko lana.
HERRIKO KOPLAK
Arratiako zaharren oroimenean bakarrik gordetzen diren kantak berreskuratzea izan da taldekideen asmoa, eta, Rekaldek egiaztatu zuenez, lortu egin dute: «Amari diskoa jarri, eta bi kanta ezagutzen zituela esan du; hunkitu ere egin da entzun dituenean». Gudarien kantekin batera, bestelako herritarrenak ere ageri dira abesti bilduman: amodiozkoak, erromerietakoak, kopla zaharrak eta sehaska kantak ere badaude diskoan, besteak beste. AK-37 izena hartu du ikasle taldeak, gudariei «omenaldi berezia» egiteko. Gainera, bi eratara irakur daiteke: «Arratia Konpainia eta Arratiako Kantak».
Batxilergoko bigarren mailako ikasle guztiek parte hartu badute ere, 11 izan dira musikari aritutakoak eta pozik daude eginiko lanarekin. June Iturriaga bateria jotzaileak ilusio handiarekin ekin zion egitasmoari, baina «denbora eta lan asko» behar izan duela aitortu du. Panderoa jo du Asier Beobidek, baina kantak aukeratzen ere fin ibili da: «Proposatutako kanten artean ezezagunenak hautatu ditugu». June Egileor trikitilaria diskoa grabatzean ikasi duten guztiagatik dago pozik. Ez da gutxiagorako, talde bezala batera jo duten lehen aldia izan dela kontuan hartuz gero, Ana Iturriozek gogorarazi duenez.
Etorkizunean proiektuari jarraipena ematea ez du baztertu Juan Rekaldek, besteak beste «kultura maitatzen irakasteko» balio duelako eta «ikasleek ederki pasatu dutelako».
("Berria". 06-12-21)