«Memoria badugulako», Palestinako herriaren borroka eta urte luzeetan
pairatu behar izan dituen erasoak gogora ekarri eta herri horrekiko
elkartasun ekitaldia antolatu dute Ahaztuak 1936-1977 elkarteak eta
Askapenak, barikurako. Gernika-Lumoko auditorioan izango da, 20:00etan
hasita. Ekitaldi berezia izango dela iragarri dute antolatzaileek; eta,
besteak beste, Salvador Amor eta Gabriel Ortegaren madrildarren
emanaldia ere izango baita. Kantautorea da Salvador Amor, Rafael Amor
kantautore argentinarraren semea. Gabriel Ortega, berriz, poeta da, eta
biek Rojo Cancionero osatzen dute.
Palestinak gaur egun bizi duen erasoa Gernika-Lumoko
bonbardaketarekin konparatu dute barikuko ekitaldiaren antolatzaileek.
«Oroimen historiko demokratiko eta antifaxistak gaur egun ere baditu
bere erreferentziak, eta autoritarismo faxista ez da iraganeko kontua».
Hori dela eta, sionismoaren izenean Israelgo Estatuak Palestinaren aurka
burutzen ari den erasoa faxistatzat jo dute: «Bonbak erabiliz Gaza
suntsitzen ari dira, faxistek 1937. urtean Gernikarekin egin zuten
bezala». Ahaztuak eta Askapenak elkarteek diotenez, gaur egun ere
txikitutako herrien irudiak dira ikusten ari garenak, «sutan diren
hiriak, oihuka ari diren gizon-emakumeen irudiak, dozenaka umeren
hilotzena…».
Sionismoaren eta faxismoaren erasoei antolatuz eta borrokatuz aurre egin behar zaiela diote, eta, horretarako, oroimen antifaxista bizirik mantendu behar dela. «Ezinbestekoa da benetan legezkoak izango diren askatasuna eta demokrazioa lortzeko; besteak beste, herriek eta herritarrek erabakitzeko duten eskubidean oinarrituta».
Babesik ez dute
Israelek etxetik ateratzeko agindua eman zien herenegun Gazako
100.000 palestinarri. Datozen egunetan bonbardaketak gogorragoak izango
direla iragarri du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak.
Telefono dei edo mezuen bitartez eta hegazkinetatik botatako afixekin eman du Israelek etxeak uzteko agindua; nora jo dezaketen, ordea, ez die esan etxea utzi beharko duten palestinarrei. Egiptok bere muga zabaldu zuen joan den astean, zauritutako palestinarrei laguntza eta babesa eman asmoz. Hala ere, muga hori itxi egin zuen Egiptok hurrengo egunean.
Human Rights Waths (HRW) giza eskubideen aldeko erakundeak Israelen jokabidea kritikatu du, eta palestinarrek euren etxeak uzteko eta alde egiteko denbora behar dutela esan. «Israelek ohartarazi ditu, baina aurreko kasu batzuetan bost minutu besterik ez da pasatu bonbardatu dituzten arte. Gainera, Gazan ez dago babeslekurik, eta zibilek ez dute nora jo babes bila».
HRW-ren esanetan, Israel nahita ari da azpiegitura zibilak bonbardatzen, eta hori gerra krimena dela salatu du. Erakunde horren arabera, 2005etik 2012ra Israelek 1.474 zibil palestinar hil zituen, eta Gazako miliziek, 38. Palestinarren kontrako azken erasoaldi honi dagokionez, Hamasek Israelen kontra jaurtitako koheteek biktima bat utzi dute.
Israelen erasoen ondorioz, berriz, berrehun palestinar inguru hil dira, eta zauritutakoak 1.400 baino gehiago dira.
(B . 2014/07/17 )