viernes, marzo 14, 2014

FRANCOREN GRAZIAZ, ALKATE


Alkate frankisten irudiek Bilboko udaletxean jarraituko dute. Hala erabaki dute EAJk eta PSE-EEk. Korridoreetatik kendu bai, baina beste leku bat bilatuko diete erretratuoi. Hain zuzen, "testuinguruan kokatutako espazio bat prestatzea" adostu dute jeltzaleek eta sozialistek Leku horretan jarriko dituzte alkate guztien irudiak, "historia ulertzen lagunduko duten beste elementu batzuekin".

Polemika eragin duten alkateok, Bilboren agintaritza euren eskuetan eduki zuten 1937tik 1979ra. Herritarrek hala erabaki gabe, hamar alkate izan ziren, hamahiru, hiru alkate bitartekariak gehituz gero.

1. Jose Maria Areilza


Frankistek Bilbo okupatu eta bi egunera izendatu zuten alkate Jose Maria Areiltza Rodasko kondea. (Portugalete, 1909-Madril, 1998). Zortzi hilabetez izan zuen aginte makila eskuetan, 1937 eta 1938 artean. Hiriburuko hainbat kaleren izenak aldatu zituen karguan egon zen bitartean, terminologia faxista erabiliz. Izendatu zuten egunean bertan, Bilboko udal langile guztiak kaleratu zituzten: 1.800 inguru ziren.

Urteek aurrera egin ahala bere ibilbidea zuzendu egin zuela esan bazuen ere, entzutetsu bihurtu zen haren adierazpenetako bat: "Espainiaren existentzia jokatu da armen taulan. Borrokatu egin da. Irabazi egin da. Ondo uler dezatela denek. Betiko". Diktadorea hil ostean, Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregeak hala erabakita, Carlos Arias Navarro Espainiako Gobernuko presidenteak Atzerri ministro izendatu zuen, 1975eko abenduan.

Pio Cabanillasekin batera, lehenengo Alderdi Popularra sortu zuen 1976an. Gerora, UCDn sartu ziren. Alderdia utzi zuen Adolfo Suarez iritsitakoan. 1987an, gainera, Espainiako Errege Akademiako kide izendatu zuten.

Besteak beste, El Correo Español egunkariko kontseilaria izan zen Areiltza; baita Central Siderurgica y Sociedad Española de Amiantoseko presidentea ere.

Mutrikun (Gipuzkoa) dago ehortzita, Mercedes Txurruka Zubiria emaztearekin eta Mercedes alabarekin batera.

2. Jose Maria Gonzalez Kareaga


1938an agintean egon zen sei hilabeteetan, Jose Maria Gonzalez Kareagak (Bilbo, 1899-Madril, 1971) Mola jeneralaren eskultura bat eraikitzeko agindu zion Moises de la Huertari. Udalak ordaindu zuen: orduko 5.000 pezeta izan ziren. Olabarrietako parkearen izena aldatzeko agindua ere eman zuen Gonzalez Kareagak; Condes de Zubiria deitu zuen, industria arloko noble familiaren omenez.

CEPSA enpresako zuzendaritzako kide izan zen. Horri esker, Venezuelan eta AEBetan petrolioarekin lotutako negozioetan aritu zen.

3. Felix Lekerika
Zortzi hilabete egin zituen Felix Lekerikak ere Bilboko alkate (Bilbo, 1891-Bilbo,1963). Hainbat enpresatako kontseilaria izan zen; besteak beste, La Basconia, Urquijo banketxea, Vidrieras Españolas eta Tubos Forjados. Bilboko Patroien Ligako zuzendaria ere izan zen.

Frantzia nazien esku zegoela, Espainiako enbaxadore izan zen bertan. Milatik gora errefuxiaturen atxiloketen erantzulea izan zen; gehienak, EAJkoak. Jose Antonio Agirre lehendakaria atxilotzen ere saiatu zen. Ez zuen lortu. Bai, ordea, Generalitateko presidente Luis Companys eta Julian Zugazagoitia harrapatzea —1931n Bilboko zinegotzi izan zen hura—. Francok aginduta erail zituzten biak.

4. Jose Maria Oriol


1939an alkatetzara iritsi zenean, Falangeko probintziako buru bihurtu zen Jose Maria Oriol (Santurtzi, 1905-Madril, 1984). 22 hilabetez eutsi zion Bilboko aginte makilari. Berrogei bat enpresatan kontseilari eta presidentea izan zen; besteak beste, Babcock Wilcox, Fenosa, Banesto, Talgo, Hidroelectrica Española eta Unesa. Espainiako lehenengo zentral nuklearrak eraiki zituen, eta Euskal Herrian Lemoizkoa eta Debakoa sustatu. Hitlerrek III. Reicheko Arranoaren zaldun gurutzea eman zion.

5. Tomas Perosanz


Jose Maria Oriolek kargua utzi ostean hartu zuen alkatetza Tomas Perosanzek (Bilbo, 1893-Bilbo, 1959). 1941ean eta 1942an, 22 hilabetez izan zen karguan. Hainbat omenaldi egin zizkien buruzagi frankistei. Itsasontziekin lotutako negozioetan aritu zen.

6. Joaquin Zuazagoitia


Kimika eta Farmazia ikasketak zituen Joaquin Zuazagoitiak (Madril, 1892-Bilbo, 1971). Aurrekoek baino gehiago iraun zuen: 198 hilabetez eduki zuen Bilboko aginte makila, 1942 eta 1959 artean.

Arte Ederretako museoa zuzendu zuen, eta Bilboko talde intelektualei lotutako pertsona zen. El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkariko zuzendaria izan zen, 1939an sortu zenetik 1950era bitartean. 1964tik 1971n hil zenera arte, Bizkaiko Kultura Batzordeko presidentea ere izan zen.

7. Lorenzo Hurtado de Sara
txo

Enpresa mundutik etorri zen hurrengoa ere: Lorenzo Hurtado de Saratxo (Bilbo, 1889-Getxo, 1984). Izan ere, 1929an Resinera Bilbaina enpresako kontseilari izendatu zuten. Ostean, Firestoneko eta El Pueblo Vasco-ko eta Diario Vasco-ko kontseilaria ere izan zen. Gerra bukatu ostean, Informaciones egunkariaren arduradun nagusia izan zen. 1959an iritsi zen udalera, eta 54 hilabete iraun zuen. Ideologia liberalekoa ze; tokiko administrazioaren legea ez zuen ontzat jo, eta dimisioa eman zuen. 1967ko otsailean, haren izena ipini zioten Begoñako tunelen eta Ibarsusiko bidegurutzearen artean zegoen kaleari.

8. Javier Ibarra

Falangearen sortzaileetako bat izan zen Javier Ibarra (Bilbo, 1913-Getxo, 1977). 67 hilabetez izan zen alkate, 1963tik 1969ra bitartean. 1936ko estatu kolpearen egileetako bat izan zen Bizkaian. Besteak beste, Banco de Vizcaya, Iberduero, Babcok Wilcox eta Constructora Estraunzaren zuzendaria izan zen. 1947an, Bizkaiko Diputazioko presidente izendatu zuten. ETA politiko-militarrak hil zuen, 1977an, Negurin (Getxo).

Madrilgo Informaciones arratsaldeko egunkariaren administrazio kontseiluko presidentea izan zen. Donostian, Diario Vascoren kontseilari ordezkari ibili zen, eta, Bilbon, El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkariko kontseiluko presidentea zen.

9. Pilar Careaga

Francoren diktaduran alkate kargura iritsi zen lehenengo emakumea izan zen Pilar Careaga (Madril, 1908-Madril, 1993). Vista Alegreko zezen plazan frankismoaren etsaitzat jotako atxilotuak preso hartzeko baimena eman zuen 1973an. 400 gizon-emakumetik gora ziren, salbuespen egoerak eraginda. Nazioarteko prentsak eman zuen egoera haren berri, eta eskandalutzat jo zen.

10. Jose Luis Berasategi


Franco hil aurretxoan aukeratu zuten alkate Jose Luis Berasategi (Bilbo, 1920-Bilbo, 1990). 45 hilabetez izan zen alkate, 1975etik 1979ra bitartean. Bilboko Udal Aurrezki Kutxako hainbat kontseilarik babestu zuen haren izendapena. Irakaslea izan zen Bilboko Merkataritza Ikasketen Goi Eskolan. Diktadura bukatu osteko lehenengo hauteskundeetan EAJko Jon Castañares aukeratu zuten bilbotarrek alkate. Orduan, kargua utzita, bizitza publikotik aldendu zen Berasategi. 1982an, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako zuzendari izendatu zuten.

(Bizkaiko Hitza / 2014(e)ko Martxoak 14)