“Ama jota gelditu zen. Senarra hil zioten, alaba, eta ez hori bakarrik, alkateak lurrak bere izenean jarri zituen eta behorra ere kendu ziguten”
“Iruñean, ama gaixorik jarri zen eta alokairuko gelatik bota gintuzten. Eskaileratan lo egin behar izan genuen”
“Diario de Navarran ahizpari gertatutakoa kontatu nuenean,
espetxean sartuz gero ez zirela ni ateratzen saiatuko esan zidaten
mojek”
2013ko azaroan Nafarroako Parlamentuak 1936ko altxamendu
militarraren ondorioz hil eta errepresioaren jomuga izan ziren biktimen
memoriaren aldeko legea onartu zuen, UPNren abstentzio bakarrarekin
(41. orrialdeko koadroa). 1936ko gerra hasi eta 77 urtera etorri zaio
Josefina Lambertori parlamentuaren aitortza. Askorentzat berandu iritsi
bada ere, orduko indarkeria jasan zuten 3.400 hildakoen senitartekoek
zor zitzaien sostengua lortu dute.
Parlamentuak legeari bidea
zabaldu zion egunean legebiltzarrera gerturatu zirenen artean zegoen
bera eta gogoz txalotu zuen han hartutako erabakia. Bazituen pozik
egoteko arrazoi franko, denbora luzean familiari jazotakoa salatuz
han-hemenka ibilia baita. Maravillas Lamberto zuen ahizpa, 14 urte
besterik ez zituela Larragan bortxatu eta akabatu zuten neskatoa.
Ekitaldian erakutsitako poztasuna ez zen erabatekoa izan, ordea: “Pozik
nago, baina ez guztiz. Orain, lege hori onartzea lortu dugula, ezin dut
nire aita aurkitu. Berriki, hondeamakinak Ibiriku Deierrin izan ziren,
aitaren gorpuari lur eman ei zioten lekuan. Lursaila goitik behera
arakatu zuten, baina ezin izan genuen ezer topatu. Diotenez, han
partzelaria egin zuten, eta lurrak zatikatu zituzten”.
Lambertok beti eraman ditu buruan iltzaturik txikitan ikusi behar izan
zituenak: “Gaueko ordu bietan ate-joka hasi ziren, ireki ezean botako
zutela mehatxatuz. Metrailetekin igo ziren, eta aitari arropak janzteko
agindu zioten. Logelak bi gelaxka zituen, batean gurasoek lo egiten
zuten, eta bestean hiru ahizpok. Maravillasek ordurako 14 urte zituen,
eta bazuen herrian gertatzen ari zenaren berri. ‘Aitari egin behar
diozuena ikusi nahi dut!’ esan zien erasotzaileei. Eta beraiek ‘etorri
bada!’ erantzun zioten jarraian. Aita herriko kartzelan sartu eta ahizpa
nagusia idazkaritzara igo zuten. Gizajoari irudikatu daitezkeen
gaiztakeri guztiak egin zizkioten. Gure amak, goizean goiz, gosaria
prestatu eta, arren, aita eta ahizpari eramateko eskatu zigun. Hara
iritsi ginenerako jada ez zeuden. ‘Paseatzera’ eraman zituzten,
fusilatzera. Nire aitaren hilotza Ibiriku Deierriko herritar batzuek
lurperatu zuten, eta ahizparena handik astebetera topatu zuten, basotxo
batean, hanketan zakurren hozkadak zituela. Nekazariek aleak bereizteko
makinaren gasolinarekin su eman zioten, usteltzen ari baitzen, eta
zakurrak akabatu zituzten”.
Josefina Lamberto Iruñeko
Miserikordia Etxean bizi da. Goizeko 7etan esnatu eta pare bat orduz
zahar egoitzako garbitegian aritzen da lanean, sosa batzuk
eskuratzearren. Gosaria hartu eta Paris 365 jantoki sozialera joaten da
egunero laguntzera. Bazkaldutakoan, San Juan de Dios ospitalera
hurbiltzen da, familiarik gabeko gazte baten ondoan arratsaldea ematera.
Pozarren dago: “Sinestezina badirudi ere, inoiz baino zoriontsuago bizi
naiz orain. Malariak jota eta sorbalda urratua badut ere, poz-pozik
sentitzen naiz orain”.
LARRAGA 1936an
Ahizpa bortxatu
eta hil zuten garaian Larraga herri pobrea zen: “Larragan lau aberats
zeuden, beste guztiak pobreak ginen. Gizonak herriko plazara joaten
ziren jornalari moduan lan egitera. Pilar ahizpa 10 urterekin
gari-soroetan belar txarrak kentzen ibiltzen zen. Gehienak nekazariak
ginen. Pobreak ginen, bai, baina ez zitzaigun jatekoa falta. Txerria hil
eta urte osorako genuen, oiloak genituen, untxiak...”.
Aita UGT
sindikatuan afiliatua zegoen eta ez zen mezara joaten. Arrazoi horiek
aski izan ziren bere heriotza zigorra erabakitzeko: “Aita ez zegoen
ezertan sartua. Langilea zenez UGTn izena emana zuen, besterik gabe. Gu
mezara joaten ginen eta jaunartzea egin genuen. Oraindik gogoratzen
ditut jaunartzerako utzi zidaten jantzi zuria eta gomazko zapata
beltzak. Aitak ez zigun inoiz mezara joatea debekatu. Eta apaizak
maltzurrenak izan ziren, beraiek izan ziren hau ala bestea hiltzea
erabaki zutenak. Aberatsek eta Elizak boterea partekatzen zuten”.
Larragan guztira 47 herritar hil zituzten. Errepresioa beldurgarria
izan zen. Josefina Lambertoren aita eta ahizpa fusilatu eta berehala,
familiari ondasun guztiak lapurtu zizkieten: “Nire ama jota gelditu zen.
Hortik aurrera ez zen pertsona bera izanen. Senarra hil zioten, alaba,
eta ez hori bakarrik, zeukan guztia kendu zioten. Alkateak lurrak bere
izenean jarri zituen, eta behorra ere lapurtu ziguten. Zehatz-mehatz
gogoratzen dut nolako behor puska genuen, liraina, handia, aldaka
zabalekin. Behor baten jabeak altxor bat zeukan. Nire aitak lurrak eta
etxea berme bezala utzi zituen behor hori erosi ahal izateko. 500 pezeta
ordaindu zituen”.
Lambertok ez du Larragara bisitan
itzultzeko gogorik. Bere ama Paulina Yoldi bakarrik gelditu zen, eta
herrian ez zioten laguntzarik eskaini. Are gehiago, senarra eta alaba
hil eta gutxira espetxean sartu zuten, herriko okinaren emaztearekin
eztabaida izan eta gero: “Hiru egunez egon zen preso, eta gu
bakar-bakarrik etxean. Inork ez zigun ogi puska bat ere eskaini”.
Ama gazte denboran lanean ibilitako militar baten etxera zerbitzatzera
bueltatu zen. Alabak, berriz, Maravillasen bortxaketan parte hartu zuen
gizon baten etxera bidali zituen: “Nire ama espetxean zegoela, oihu
egiten zuen, ziegako leihoa ireki ziezaioten, itotzen ari baitzen. Julio
Redín izeneko gizon batek, Maravillasen bortxaketan parte hartu zuenak,
emakumea libre uzteko eskatu zuen: ‘Ez al da aski bere familiari egin
diozuen guztia?’ esan omen zien, eta nire ama aske geratu zen. Pilar
nire ahizpak Down sindromeak jotako Julioren alaba zaintzen zuen, eta ni
eskolara eramaten ninduten. Etxeko ganbaran lo egiten nuen, bakarrik,
argirik gabe. Julio Redín Fragako frontean hil zen, kamioi baten barruan
kiskalita. Jendeak Jaungoikoaren zigorra izan zela esaten zuen”.
IRUÑEA ETA KARATXI
Handik urtebetera, Paulina Yoldik hiriburura joateko deliberoa hartu
zuen. Bi alabak gainean hartu eta Iruñeko Javier Aldapan gela bat
alokatu zuen. Hasieran limosna eske ibili zen, eta handik gutxira
Estafeta karrikako Gerendiain dendan lana aurkitu zuen, zakuak josten.
Goizeko 4etan esnatzen zen zakuekin diru apur bat bildu asmoz: “Pilar
eta biok Vianako Printzearen Plazan zegoen jatetxe sozialera joaten
ginen bazkaldu eta afaltzera. Cara al Sol abestera behartzen gintuzten.
Halako batean, ama gaixorik jarri zen eta alokaturiko gelatik bota
gintuzten. Eskaileratan lo egin behar izan genuen. Ama gaixorik zegoenez
eta zerbait jan behar zuenez, egun batez jantokian ogi puska bat hartu
eta arropen artean ezkutatu nuen. Gure mahai berean eserita zeudenek
jantokiko nagusiaren aurrean salatu ninduten, eta eskuetan makil batekin
astindu zidaten. Oraindik negar egiten dut hori guztia gogoratzen
dudanean”.
Lambertok San Frantzisko eskola publikoan ikasi
zuen. Fusilatu baten alaba izanagatik, ez zuten ikastetxean gaizki
hartu. Gerra osteko Iruñea gris horretan, poliki-poliki emakumetzen joan
zen. 21 urte zituela, eta koadrilako lagunen adibideari jarraituz,
komentu batean sartzea otu zitzaion, amaren iritziari kasurik egin
gabe: “Erokeria izan zen. Nire lagun batzuk komentura joan ziren eta
haurrak laguntzeko asmoa nuenez, nik bizitakoa sufritu ez zezaten, moja
sartu nintzen. Pakistango hiriburura bidali ninduten, Karatxira,
itsasontziz. Oso gaizki pasatu nuen. Eguraldia oso gogorra zen eta
laster malariarekin kutsatu nintzen. Oraindik sufritzen dut gaixotasun
hori, ez da inoiz sendatzen. Sorbalda ere urratu zitzaidan. Morroi baten
legera egiten nuen lan. Ez zidaten ingelesa edo urdua irakatsi, eta
pobrea nintzenez, mojak nirekin oso ankerrak izan ziren”.
Paulina Yoldik ez zuen bere alaba berriz ikusteko aukerarik izan.
Josefina Lambertok 14 urte eman zituen Pakistanen, eta ama hilzorian
zegoela lortu zuen komentua utzi eta Iruñera bueltatzeko baimena.
Berandu baina. Gestio burokratikoak medio, ama hil eta hiru egunera
heldu zen Iruñera: “Mojei ipurdia garbitzeagatik galdu nuen nire amaren
maitasuna”.
Franco hil eta berehala, mojekin tirabirak hasi ziren.
Lambertok aita bilatzeari ekin zion, eta mojek ez zuten bilaketa begi
onez ikusi. “Zerbait eginen zuen zure aitak horrela bukatzeko” esaten
zioten komentuan, eta berak erantzun: “Eta Maravillasek, zer egin zuen
Maravillasek?”.
Bazterrak nahasten ari zela-eta, Madrilera destinatu
zuten: “19 urtez izan nintzen Madrilen. Zoruak garbitzeko erabiltzen
ninduten. Nik pobreekin egon nahi nuen, baina beraiek esklabo nahi
ninduten. 80ko hamarkadaren erdialdera Salas Larrazabal jeneralak gerra
garaian hildakoen zerrenda bat argitaratu zuen, non Maravillas
‘desagertua’ bezala ageri zen. Nik ez nuen bitan pentsatu eta Diario de
Navarrari gutuna igorri nion, nire ahizpari gertatu zitzaiona azalduz,
nola bortxatu zuten, nola hil zuten... Mojak sutan jarri ziren, eta esan
zidaten espetxean sartuz gero ez zirela ni ateratzen saiatuko”.
67 urte zituela, Josefina Lambertok ez zuen gehiago agoantatzeko
adorerik izan: “Ordurako ez zitzaidan ezer axola. Kalean lo egin beharko
nuela? Bada, kalean lo eginen nuen. Fedea erabat galduta nuen.
Kanpokoei amodioa eman nahi badiezu, etxe barruan amodioa egon behar du,
eta komentuan ez zegoen maitasunik. Senide baten laguntzari esker,
Miserikordia Etxean leku bat utzi zidaten eta hona etorri nintzen. Orain
inoiz baino zoriontsuago bizi naiz, zinez”.
(Koldo Azkune / ARGIA aldizkaria / 2398. alea / 2014-01-12)