GERNIKAN, AHAZTUAK 1936-1977 ELKARTEAK INPERIALISMOA ETA FRANKISMOAREN INPUNITATEA SALATU DITU
Ahaztuak 1936-1977 erakundeak oroimen ekitaldia egin zuen pasa den
igandean, Gernikako hilerrian, Iñaki Garai Lejarreta eta Blanca Salegi
Allende auzokideak omentzeko. Biak tiroz hil zituen Guardia Zibilak
1975eko maiatzaren 15ean, beren etxean Jesus Mari Markiegi ETAko
militantea babesteagatik.
Euri zaparrada indartsuaren
azpian, hogei bat pertsonek bi biktimen hilobiaren aurrean ekimena
burutu zuten. Haien omenezko «agurra» dantzatu eta gero, Ahaztuak-eko
kide batek hitza hartu, eta frankismoaren kontra borrokatu zirenen
memoria eta zilegitasuna goratu zituen. Azaldu zuenez, 1937ko apirilaren
26an Gernika suntsitu zuen bonbardaketak «erregimen faxista eta
antidemokratikoa ezartzea zuen helburu. Beraz, honen kontra aritutako
borroka eta borrokalari guztiek zilegitasun osoa daukate, eta haien
memoria omentzeko eskubide osoa izan behar dugu».
«Honekin ez
dugu terrorismoa goratzen -nabarmendu zuten Ahaztuak-ekoek-
erresistentzia antifaxista eta antifrankista baizik. Era berean, ez da
erakunde armaturik goratzen, herriak erregimen faxista horri aurre
egiteko erabil ditzakeen erresistentzia metodo guztiak baizik».
Hein horretan, memoriaren elkarteak Estatu espainolak frankismoan
egindako krimenen inguruan daukan jarrera gogor kritikatu zuen:
«Erregimenak bere horretan jarraitzen du. Garaiko arduradun politiko,
polizial, militar eta judizialen zigorgabetasuna ez dira aldatu. Sinbolo
frankistak mantentzea, edota borrokalari antifaxisten kontrako
sententziak bere horretan mantentzea ereduaren jarraikortasunaren
adibide garbia dira».
Inperialismoaren kontra
Bestalde, egun berean, Merkurio plazan ere elkarretaratzea egin zuten,
kasu honetan, «Eraso inperialistarik ez! Gora herrien borondatea!»
lelopean, azkenaldian mundu mailan gertatzen ari diren erasoak
salatzeko, Venezuelan kasu. Sahara eta Palestinar herriei ere
elkartasuna adierazi zieten, «hitz hutsen gainetik, oraindik haien
gaineko zapalkuntza mantentzen delako, euren etorkizuna erabakitzeko
aukera ukatuz».
(Gara. 2013 / 04 / 30)