sábado, noviembre 24, 2012

ZORTZI LAGUN FRANKISMOAREN BIKTIMATZAT JO IZANA URRATS TXIKIA DA, AHAZTUAK-EN USTEZ


Ahaztuak 1936-1977 elkartearen ustez, bada aurrerapausoa Eusko Jaurlaritzak Sufrimendu Bidegabeen Biktimen Balorazio Batzordearen bidez egin berri duena. Zortzi herritar indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu ditu, lehen aldiz, eta hori pozik egotekoa dela dio. Baina hankamotz geratu da neurria, oso, elkartearen begietan. Hutsune eta gabezia handiak ditu. Handiegiak. Martxelo Alvarez Ahaztuak-eko kidearen esanetan, urteetako zigorgabetasun eta ahanzturari eginiko «arrakala» bat besterik ez da. Lortutakoa biktimen eta herritarren salaketa «tematiari» esker eskuratu dela seguru dago, eta biktima guztiek merezi duten aitorpen osoa lortu bitartean, bide beretik jarraitzeko asmoa azaldu du.

Jaurlaritzak biktimatzat onartu dituen bi hildakoren senideekin egin du agerraldia Ahaztuak elkarteak: 1975ean fusilatu zuten Jon Paredes Txiki-ren anaia Diego Paredesekin eta 1969an Poliziak tiroz hil zuen Anton Fernandezen alaba Kontxi Fernandezekin. Bertan izan dira, baita ere, Fernandez Erandion hil zutenean tiroz zauritu zuten Manolo Castrillo eta frankismoaren biktima horien abokatu lanetan ari den Joxean Lozano.

Salaketa etengabeen emaitza

Salaketa urteek emaitza eman dutela-eta, gustura agertu da Alvarez. Izan ere, haren ustez, etengabeko mobilizazioak lortu du «orain arteko zigorgabetasun eredua» pitzatzea; frankismoaren biktima batzuk ofizialki biktima gisa onartzea eragin duena.

Baina errekonozimendu hori «nolabaitekoa» dela dio. Ez dela erabatekoa eta ez duela inondik asetzen biktimek behar duten erabateko egia, erreparazioa eta justizia.

Txiki eta Otaegi biktimatzat hartzeko Jaurlaritzak arrazoi «humanitarioak» erabili dituela salatu du, esaterako. Frankismoan inolako epaiketarik gabe fusilatu zituzten azken biktimak izateak eman die ezagutza hori, Alvarezen esanetan. Hortaz, uste du ezkutatu egin nahi izan dutela frankismoaren aurkako borrokalari izan zirela, eta salatu du ofizialki onartu dituzten bi biktima horiek era berean frankismoari aurre egin zieten beste hainbat herritar aitorpen horretatik kanpo utzi dituztela. «Horiek adina merezi zuten», esan du.

Baita 1960. urtetik aurrerako biktimek ere. Jaurlaritzari epe-muga hori hautsi eta 1960tik 1978. urtera arteko biktimak ere onartzeko eskatu dio: «Frankismoaren biktimak ez dira 36ko gerrakoak soilik».

Erregimen frankistarekin borroka armatua izanda hil edo zauritu ziren herritarrak aitorpenetik kanpo utzi dituztela ere ohartarazi du Alvarezek. Izan ere, horrela, frankismoaren errepresioari zilegitasuna ematen ari zaiela iruditzen zaio. Areago, erregimen frankistaren arduradun politiko, polizial, militar eta judizialak ardura guztietatik libre uzten dituztela.

Horixe da Jaurlaritzak emandako aitorpen ereduaren alde okerrena, Ahaztuak elkartearen ustez: zigorgabetasunari eusten diola. Jaurlaritzak astelehenean jakinarazi zituen aitorpenak erreparazio batez lagunduta daude. Baina erreparazioa ekonomikoa da soil-soilik. «Herritarrak biktima bihurtu zituzten ekintzetan nolabaiteko ardura izan zuten kargu politikoen, polizialen, judizialen eta militarren zigorgabetasunaren aurkako neurririk ez da proposatu», salatu du. Alvarezen hitzetan, inpunitatearen eredua mantentzea esan nahi du horrek, eta hori erabat larria da.

Baita justizia unibertsalaren aurkakoa ere. Edozein erregimen faxistak egindako krimenei jazarri egin behar zaiela ohartarazi du Ahaztuak-eko bozeramaileak. Krimenak ikertu eta epaitu egin behar direla benetan egia, erreparazioa eta justizia nahi badira. Nazio Batuen Erakundeak ere Espainiari horixe gomendatu ziola gogorarazi du, eta halako krimenak ez direla amaitzen.

Hortaz, «egia, aitorpena eta justizia» lortzeko asko falta dela-eta orain arteko lanean jarraituko duela jakinarazi du Ahaztuak-ek.

(Berria. 2012 / 11 / 24)