sábado, abril 28, 2012

CANOREN OMENEZ PLAKA BAT JARTZEKO MOZIOA AURKEZTUKO DU AHAZTUAK 1936-1977 TALDEAK IRUÑEAN


Polizia batek egindako tiroaren ondorioz 1977ko maiatzean hil zen Jose Luis Canoren omenez plaka bat paratzea eskatuko dio Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Iruñeko Udalari hurrengo ostegunean egingo duten batzarrean, talde honetako kide Carlos Otxoak atzo azaldu zuenez.

Ahaztuak taldeak gogoratu zuenez, 1977an egin zen Amnistiaren Aldeko Astean hil zuten Cano Iruñeko Caldereria kalean ( aste horretan beste sei hildako izan ziren Euskal Herrian). Udalean aurkeztuko duten mozioan gertatutakoa ikusi zuen bizilagun baten testigantza jasotzen da. Honek, taberna batetik atera zenean, polizia talde batek Cano jipoitu zuela ikusi zuen. Ondoren, polizien buruak pistola bat atera eta tiro egin zion burura. Pistola trabatu egin zen, ordea, eta ez zen balarik atera. Jarraian, beste behin tiro egin zuen Canoren kontra eta hil egin zuen.

Estatu espainolak onartu zuen Amnistiaren Legea polizia horren mesedetan izan zen, Canoren hilketarengatik ez baitzuten epaitu. «`Amaiera puntu'-ko Lege bat izan zen alde horretatik», nabarmendu zuen Otxoak.

Cano hil eta berehala plaka bat ezarri zuten tiroa jaso zuen tokian bertan, Caldereria kalean, Xabierreko Jaitsieraren alboan, eta hortxe egon zen, inolako arazorik gabe, 30 urte. «Baina Canoren kasua gero eta ezezagunagoa zen Iruñeko herritarren artean», azaldu zuen Otxoak, eta hori dela-eta, omenaldiak egiteari ekin zioten gertatutakoa belaunaldi berrien artean zabaltzeko asmoarekin.

Horiek horrela, azken bost urteotan Udalak behin eta berriro kendu du Canoren omenezko plaka. Eta Ahaztuak taldeko kideek, berriz, behin eta berriro jarri dute. «Normalean udaltzainek kentzen zuten plaka guk jarri eta egun gutxira. Beti gauaren erdian. Azkenekoan, berriz, Polizia espainolak kendu zuen, izugarrizko operatiboa antolatuz goiz batean. Jarri genuenetik bederatzi hilabete pasatu ziren», esan zuen Otxoak.

Plaka kendu eta bi hilabetera polizia-etxera joateko deia jaso zuten. Bisita horretan «terrorismoaren apologia» leporatuko zietela esanez mehatxu egin zieten. Afera zen Canoren omenezko plakan 1977ko Amnistiaren Aldeko Batzordeen logotipoa ere agertzen zela. «Jatorrizko plakan, 1977an jarri zutenean, horrela zegoen eta guk ere hala jarri genuen. Paradoxa da hilketa bat gogoratzeagatik indarkeria goraipatzea leporatzea», salatu zuen Otxoak.

Baina ez da hori izan Gobernu espainolaren Ordezkaritzarekin izan duten arazo bakarra. Maiatzaren 11n, urtero bezala, Cano omentzeko deialdia egin zuen Ahaztuak taldeak, baina Ordezkaritzak ekitaldia egiteko baimena ukatu dio. Aitzakia, toki horretan eta ordu berean beste ekimen bat iragarrita dagoela eta «segurtasun arazoak» sor litezkeela. Ekimen hori Alde Zaharreko Auzo Elkarteak antolatu duen ludoteka da. «Ordezkaritzak tokiz aldatzeko gomendatzen digu, baina hori ezinezkoa da. Auzo Elkartearekin hitz egin dugu eta azkenean baimena lortzea espero dugu», esan zuen Otxoak.

La aprobación de la moción depende del PSN
Integrantes de Ahaztuak 1936-1977 se han entrevistado con representantes de los distintos grupos del Ayuntamiento de Iruñea para exponerles los motivos de la moción. De hecho, se han reunido con PSN, NaBai y Bildu y han mantenido un contacto telefónico con I-E. Asimismo, están a la espera de mantener una reunión con el PP. «Con UPN, a pesar de que es el grupo que más concejales tiene, no hemos podido contactar», explicó Carlos Otxoa.
El portavoz de Ahaztuak destacó que la moción tiene posibilidades de ser aprobada si recibe el apoyo del PSN. No obstante, informó de que los ediles de este partido han mostrado sus reticencias al considerar el caso de Cano «diferente». En cualquier caso, los concejales del PSN aseguraron que votarán a favor del pase de urgencia, por lo que la moción podrá ser debatida en el pleno que se llevará a cabo el próximo jueves, en el que intervendrán miembros de Ahaztuak.
«La postura del PSN es una mentalidad del pasado. Les invitamos a salir de las trincheras. Estamos hablando de un muerto por violencia policial. Si no es ahora, estamos convencidos de que más pronto que tarde está moción se aprobará en Iruñea», destacó Otxoa. 

(Gara. 28 / 03 / 2012)