domingo, enero 08, 2012

"BONBARDAKETAREN URTEURRENEAN KALEAK IRABAZI NAHI DITUGU". Sabin Ibazeta, "Gernika 2012" ekimenaren bultzatzailea


Gernika bonbardatu zutela 75 urte betetzen dira. Urtemugaren antolaketa martxan dago, beste urteurren batekin bat eginez: Nafarroako Erresumako konkistaren bosgarren mendeurrena. Historiaren transmisioa, eta orainean, Euskal Herriak bere etorkizuna libre erabakitzeko duen eskubidea dira ospakizunon zutabe nagusiak. Antolakuntzan parte hartu nahi duenak badu nora jo: www.gernika2012.net webgunea.

Nork bultzatzen du Gernika 2012 ekimena?

Gernika Batzordeak, herriko eta kanpoko beste elkarte batzuekin eta norbanakoekin elkarlanean. Asmoa da `autoantolakuntza' egitea. Bonbardaketaren 50. urteurrenean Gernika Batzordea izan zen motorra. Oraingoan prestakuntzaren gidaritza-edo hartu dugu berriro, baina ahalik eta parte-hartze zabalena bilatzen da. Perspektibarekin jokatuta, bonbardaketaren urtemugak Nafarroako Erresumako konkistaren 500. urteurrenarekin bat egiten duela ikusita, asmoa da egitarau interesgarri eta herrikoi bat egitea, Nafarroako konkistari lotuta, baina herri honen etorkizunari ere begiratuko diona.

Zein da helburua?

Helburua hiru ardatzetan finkatuta dago: historia, memoria eta transmisioan, batez ere belaunaldi gazteek horri hel diezaioten; Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidean; eta horrekin lotuta eta krisi gordin baten testuinguruan Euskal Herri bat sortzearen beharrean.

Nork erantzun dio Gernika 2012 deialdiari?

Talde ezberdinek erantzun dute, Durangotik heldutako ekarpenak jaso dira, Ahaztuak bezalako taldeak izan dira, eta norbanako gisa, idazleak edota pentsalariak daude, besteak beste. Helburua zen apurka-apurka pentsatzen hastea zelan mamitu egitarau bat, ahalik eta osatuena, ahalik eta parte-hartzaileena, eta esparru zabalenak ukituko dituena: arte ikuspegitik, sinboloen ikuspegitik...

Ekarpenen bat nabarmenduko al zenuke?

Nire ustez, «Gernikak» kontzeptua erabiltzea izan da ekarpen inportanteena. Gernika beste herri askoren artean bonbardatua izan zenetako bat da, baina Gernika asko izan ziren eta ez dugu gure xilborrari begiratzen egon nahi. Horregatik erabaki da «Gernikak» kontzeptuak biltzen dituela bonbardaketa sufritu duten beste herri askoren errealitatea eta memoria, eta «gernikatu» aditza ere erabiltzen ari gara suntsiketaren adierazle gisa.

Urtemuga sekuentzia historiko batean kokatzen duzue Nafarroako Erresumako konkistarekin batera, zergatik?

Testuinguru ezberdinak izanik, eta denboran eta espazioan banatuta egon arren, oso lotura zuzena ikusten dugu gertaera bien artean. Aktore berdinak dira: batetik, identitatea eta eskubideen alde borrokatzen direnak; eta bestetik, hori guztia suntsitu nahi dutenak.

Zelan jorratuko dituzue oraina eta etorkizuna?

Urteak daramatzagu hizkuntzaren `trilero' en agintepean, `librecambistas de identidades' deritzotenen agindupean. Libratu behar gara depredadore horietatik, depredadore merkantil eta finantzarioen atzaparretatik eta sistema birfundatu behar dugula uste dugu, beste zutabe berri batzuetan oinarrituta: askatasunean, elkartasunean... Inoiz baino garbiago ikusten da herriok autodeterminatzeko dugun eskubidea eta beharra aurrera egiteko. Horregatik, zabalduko dugun mezuetako bat izango da «bakea eta askatasuna: autodeterminazioa».

Bonbardaketaren 50. urteurrenak erantzun masiboa izan zuen; antzeko ekitaldi erraldoi bat izango al da aurtengoa?

Saiatzen gara ahalik eta egitarau erakargarriena egiten. Kaleak irabazi nahi ditugu, herriaren partaidetza bermatu eta adin guztietako jendea inbolukratu. Margolaritza egongo da, literatura, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, zinema, azoka bereziak, umeentzako ekitaldiak eta jaiak.

Hausnarketarako tartea ere izango da?

Etorkizunera begirako hausnarketan, garrantzia eman diogu ekonomiaren ikuspegiari, eta atal horretan adituak ekarriko ditugu horretaz hitz egiteko. Krisiaren arrazoiak non dauden aztertu nahi dugu, eta horrekin batera, zelako ardatz ekonomikoak sortu beharko liratekeen beste era bateko funtzionamendua bermatzeko Euskal Herrian. Gure asmoa ere bada nazioarte mailan nazio diren herrialdeetatik adituak ekartzea; herri horien ordezkariak gonbidatu nahi ditugu beren jakituria gurekin partekatzera.

Lakuak ere ekitaldiak bultzatuko ditu. Zer iruditzen zaizue?

Urte asko daramatzagu lan honetan eta instituzioek bultzatzen dituzten ekitaldietatik kanpo egon gara. Ekitaldi horiek baino biziago izan behar dute ospakizun hauek, parte-hartzaileagoak.

(Gara. 2012 / 01 / 08)