viernes, octubre 07, 2011

"AHANZTURAREN AURKAKO TXERTOA DA MEMORIA"

Errepresioak Euskal Herrian utzi duen aztarna dokumentatu zuen iaz Euskal Memoria fundazioak, Gernikako seme-alabak liburuan. Aurten, berriz, Euskal Herriko historiaren pasarte ilunetako bati heldu dio: frankismoari. Atzo aurkeztu zuten proiektua Iñaki Egaña lanaren egileak eta Arantxa Erasun fundazioko kideak. Egungo jokaleku politikoan «memoriak» duen garrantzia nabarmendu zuten, eta salatu zenbait agintari politikok eta eragilek iraganaren «kontakizun bakarra» ezarri nahi dutela. «Kontakizun historiko bakarra, adostua, posible ote den ez dakigu, baina inolaz ere ez da egingo kontakizunetako bat entzun gabe, kontuan hartu gabe edo ezabatuta, [Eusko Jaurlaritzako] lehendakariak eta beste batzuek nahi duten moduan».

Euskal Memoriaren lan berria Durangoko azokarako argitaratuko dute, eta, egileak adierazi duenez, euskal historiografian dagoen «hutsune» bat bete nahi dute ikerketaren bidez. «Frankismoaren historia egiteko dago, historia hori errepresioz osatua dagoelako eta orduko adarrak gaurdaino iritsi direlako».

Egañak aurreratu duenez, frankismoak Euskal Herrian ezarritako egitura aztertzen da, diktadurarekin elkarlanean aritu ziren euskal herritarrak ahaztu gabe. «Ez dugu ezer ezkutatzeko». Halaber, orain arte «isildutako» zenbait gertakari ere emango ditu argitara; besteak beste, Galindez auziari buruzkoak.

Ikerketa aurrera eramateko orduan topatu dituen «trabak» nabarmendu ditu ikerlariak, eta ikertzen jarraitzeko asmoa agertu du. Gainera, nabarmendu du horretarako ezinbestekoa izango duela herritarren parte hartzea: «Memoria berreskuratzea ariketa kolektiboa da. Ahanzturaren aurkako txertoa da memoria».

(Berria. 2011 / 10 / 07)