Horretarako, artelana euren udalerrira ekartzeko kanpaina jarri du martxan Gernika-Lumoko Udalak, herriko hainbat talderekin batera. www.guernicagernikara.net atarian sinadura bilketa hasi dute, «koadroaren lekualdatze definitiboaren tramiteak hasteko exijitzea da web orri honen helburua», esan zuen Jose Maria Gorroño alkateak. Webgunearekin 500.000 sinadura biltzea espero dute, herritarren babes horrekin, Kultura Ministerio espainolean egingo duten eskaerak indar handiagoa izan dezan. Facebook eta Twitter sare sozialen bidez ere zabalduko dute kanpaina.
Lekualdatzea gainera, «tartean geldialdirik egin gabe» egitea nahi dutela azaldu zuen Gorroñok. Izan ere, urtarrilean egindako osoko bilkuran «Guernica» Bilbora ekartzea aztertu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietan, EAJk proposatuta, «turismoa erakar zezakeela» iritzita. Gernika-Lumon Udalbatzak abenduan egindako bilkuran, ordea, koadroa Madriletik mugitzekotan, Gernika-Lumora ekartzea onartu zuen, talde guztien onespenarekin.
«Gernika ez zen zorian aukeratua izan, askatasunaren sinbolo eta Europako demokrazia zaharrenetakoaren sorleku izateagatik baizik», azaldu zuen atzo Gorroñok. «Gaur egun, mundu mailan bakearen eta giza eskubideen sinbolo bihurtu den koadroak Gernikan behar du», gaineratu zuen.
Webgunean, sinatzeko formularioaz gain, egun hartan gertatutakoari buruzko datu historikoak eta bonbardaketaren bideoak ere zintzilikatu dituzte.
Reina Sofiatik, aitzakiak
Madriletik aitzakiak baino ez zaizkiela iristen azaldu zuen atzo Iriondok. «Zertxobait hondatuta dagoela eta lekualdatzean gehiago hondatu daitekela esanez defendatzen dira, baina, uste dut, XXI. mendean badaudela nahikoa baliabide hori burutzeko. Argudio horiek guztiak Reina Sofiako teknikarienak dira beti, noski. Normala, diru-iturri garrantzitsua baita eurentzat», esan zuen.
Nolabaiteko kalte-ordaina suposatuko lukeela ere aipatu zuen Iriondok. «Egun biktimak konpentsatzeaz hitz egiten da, eta Gernika ez zen ezertxorekin konpentsatu. Gernika ahaztua izan zen, isildu egin behar izan genuen. Horrexegatik, kalte-ordain moduan, koadro horrek hemen behar luke».
Iriondok azaldu zuenez, Parisen ikusi zuen lehenengoz koadroa eta hasiera batean ez zitzaion gehiegi gustatu. Ondoren, bi bider ikusi du Madrilen, eta orain argi dauka bere herria dela hor islatzen dena. «Bertan ageri diren emakumeak gure amak dira. Hilda dagoen soldatua Gernikan lurperatua izan da, eta besoetan bere haurraren gorpua eusten duen emakumea ere Gernikakoa da. Duela gutxi ezagutu nuen gainera kasu horixe, haurra besoetan zuela, bonba baten metrailak haurra hil eta ama salbatu zuena. Guzti hori koadroan islatuta dago».
Sinadurak biltzeaz gain, Gernika-Lumoko Udalak eskaera bat helarazi dio Nazio Batuen Erakundeari. Bertako idazkari orokorrari, Ban Ki-Mooni, gutuna bidali diote, eta 74. urteurrenaren egunean, Gernika gogoan izateko proposamena azaldu diote, «Gernikako biktimak eta sufrimendua omentzeko eta horrelako sarraskiak berriro ere gerta ez daitezen», esan zuen alkateak.
(Gara. 2011 / 02 / 26)