domingo, enero 23, 2011

MEMORIA, BALA ZORROAN GORDETA

Bala zorroek beti gordetzen dute gertakari ilunen bat. Tiro hotsen oihartzuna. Hilketa baten aurreko unearen irudi finkoa. Memoria.

35 urte pasatu dira, eta bala zorro horiek hunkitu egiten dute oraindik ere. Jon Paredes Manot Txiki fusilatzeko Francisco Franco diktadorearen Poliziak erabilitako balak dira. Hamabi tiro jaurti zizkioten, eta, guztira, 11 balak jo zuten haren gorputza. Bala zorro horiek «herriarenak» dira orain.

Horietako sei iazko irailean jaso zituen familiak Marc Palmes eta Magda Oranich abokatuen eskutik, fusilamenduaren lekuko izan zirenen eskutik. «Txiki herriarena da, eta bala zorroek ere hala behar dute izan. Gure herriko historiarentzat dira», adierazi zuen Mikel Paredesek, Txikiren anaiak, ekitaldi hartan.

Hilketa izan zenetik, altxor gisa gordeta eduki dituzte bala zorroak bi abokatuek, familiari emateko asmoarekin. Bartzelonan gelditu dira sei bala, Memoria Historikoaren Museoan erakusteko. Eta, atzotik aurrera, familiaren esku dauden sei balak, horien artean Txikik jaso zuen azkena (graziakoa), Lazkaoko beneditarrek gordeko dituzte, Euskal Herriko historia garaikidearen milaka dokumentu biltzen dituen artxibategian.

Joan Joxe Agirre artxibozainak jaso zituen balak, Txikiren amaren baimen agiri batekin, Azpeitiko Nuarbe auzoko elkarte batean eginiko ekitaldi batean —auzo horretakoa zen Otaegi—. Han izan ziren Txikiren ama eta Otaegiren izeba, baita Herrialde Katalanetako ordezkaritza bat ere. Jon Maiak Txikiren zein Otaegiren memoria izan zuen gogoan bere bertsoetan zein familiarekin izandako hizketaldian. Bere izaeran bietatik zerbait duela nabarmendu zuen. Hala, Otaegiren familia nola ezagutu zuen gogoratu zuen Maiak. Kontatu zuen haur bat zela nola joaten zen otaegitarren etxera eta bere amak nola laguntzen zuen Otaegiren ama. Era berean, Txiki bezala, bera era Euskal Herri kanpotik etorritako immigranteen semea dela gogorarazi zuen.

«Haizea naiz, askea naiz»

Jon Paredes Manot 1954. urteko otsailaren 20an jaio zen, Zalamea de la Serenan (Extremadura, Espainia). Oso gazte zelarik, Zarautzera (Gipuzkoa) etorri zen familiarekin. Berehala hasi zen giro euskaldunean murgiltzen, eta 12 urte zituela lanean hasi eta langileen borrokan sartu zen buru-belarri. Francisco Letamendia Ortzi historialariak esana da Txiki 70eko hamarraldiko gizarte integrazioaren eredu izan zela.

Frankismoa hilzorian zela, 1975eko irailaren 27an fusilatu zuten Txiki, Cerdanyolan (Herrialde Katalanak), ETAko kide zuen Anjel Otaegi eta FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia eta Jose Humberto Baenarekin batera. Jende ugari asaldatu zuen gertaera hark, bai Euskal Herrian, bai nazioartean, eta mobilizazio ugari izan ziren frankismoaren kontra. Orduz geroztik, irailaren 27an ekitaldiak egiten dira Euskal Herrian, Txiki, Otaegi eta hildako beste euskal militante guztiak gogoratzeko.

Txiki fusilatu eta bi hilabetera hil zen Franco, eta haren hilkutxarekin batera gazte haien guztien ametsak lurperatzen saiatu ziren. Historia, baina, memoria ere bada. Eta historia liburuetan agertzen ez badira ere, hainbat hitz eta irudi iltzatuta geratu dira herritarren gogoan. Hala mintzatu zen Txiki hil aurretik, Ernesto Guevara Che-ren omenez idatzitako olerki batean: «Hiltzen naizenean ez etorri nigana negar egitera, ez bainaiz inoiz lur azpian izango: haizea naiz, askea naiz». Hitz horiek memoria historikoaren parte dira orain, bala zorroak bezala.

(Berria. 2011 / 23 / 01)