domingo, septiembre 05, 2010

ARGIA ITZULI DA BIHURGUNERA

Hildakoen zuloa. Añana eta Erriberagoitin (Araba) izen horrekin ezagutu izan da Tejera mendateko txoko bat. Izen iluna, duela urte asko gertatutako gertaera beltz baten lekuko. Frankisten zerbitzura zegoen heriotzaren eskuadroi batek hiru lagun hil zituen txoko horretako bihurgunean. Isilpean lurperatutakoen izenak ahaztu ziren, eta herritarrek erabilitako izen ilunak baino ez zion eutsi denboraren joanari. Ordea, atzoz geroztik argia itzuli da bertara. Tejerako bihurgune horretan gertatutakoa gogoratzen duen monolitoa inauguratu dute, eta garai bateko bidegabekeria gogorarazi.

Atzo duela 74 urte Primitivo Fernandez de Labastida Urruchi, eta Monica Barron del Val eta Florentino Garcia Valencia nekazariak- senar-emazteak azken biak-etxetik aterarazi, eta Tejera mendatera eraman zituzten. Han hil egin zituzten. Horren urteurrena baliatuz ehun bat lagun bildu ziren monolitoa inauguratzeko, atzo eguerdian. Fernandez de Labastidaren alabak eta beste hainbat senide, eskualdeko bizilagunak zein Euskal Herriko beste txoko batzuetako biktimen senideak izan ziren omenaldian.

Atzoko omenaldiaren oinarria 2006an ezarri zuten. Primitivo Fernandez de Labastidaren senideek ahaztuta zegoen historia gogorarazteko pausua eman zuten. Eusko Jaurlaritzara laguntza eske jo zuten, baina azkenean Añana eta Erriberagoitiko bizilagunak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideen laguntza erabakigarria gertatu zen ikerketan aurrera egiteko. Inguruko herrietako bizilagunekin hitz eginez zehaztu zuten gertaeraren eremua, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen laguntzarekin hiru asteburuz bertan lan egin zuten arrastoak aurkitu arte.

Uda aurretik egin zuten aurkikuntzak, eta gorpuzkinak haienak zirela baieztatu zuten Dena den, 74. urteurrena baliatuta lan guzti hori azalarazteko beste pausu bat eman dute. Iluminacionek eta Pilarrek, Primitivoren alabek, bihotzez eskertu zieten inguruko herrietako bizilagunei eta Ahaztuakeko kideei emandako laguntza. Bide batez, desagertutako senideak dituzten pertsona guztiei egia ezagutzeko bidea has dezatela aholkatu zien. «Lan guztiak bukatu ostean badakigu non dagoen aita, hasieratik behar zuen tokian», adierazi zuen Pilarrek.

Loreak eta zuhaitzak

Ez zituzten hilotzak lurperatu, hazia landatu zuten leloa zuen pankartaren aurrean, esker onen ostean, Tejerako bihurguneari are kolore gehiago eman zioten. Monolitoaren oinarrian krabelin gorriak jarri, eta hiru zuhaitz landatu zituzten. Gorosti bat monolitoaren ezkerraldean, Primivoren omenez. Gorosti bat eta astigar bat eskuinean, Garcia Valencia eta Barron del Val senar-emazteen omenez.

«Omenaldi honekin ez da ezer ixten, gure historia agerian uzteko beste katebegi bat baino ez da», gogorarazi zuen Martxelo Alvarez Ahaztuakeko kideak, eta Araban ilunak izaten jarraitzen duten beste bide-bazterrak daudela gogorarazi zuen. Ordea, atzoz geroztik bat gutxiago dago, Tejerako bihurguneak historiarekin zuen zorra kitatu duelako.

(Berria. 2010 / 09 / 6)