viernes, enero 22, 2010

PASAIAK EUSKAL HERRIKO EZKERTIARREI BURUZKO JARDUNALDIAK ANTOLATU DITU

Euskal Herriko ezkerreko mugimenduaren historia eta etorkizuna aztertzeko xedearekin, aste honetan Pasaian Atzoko eta gaurko euskal ezkertiarrak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte. Ekimen garrantzitsuenak bihar izango dira Trintxerpeko hainbat lekutan eta San Pedroko Erti aretoan.

Programaren arabera, 11.00etan Gernika enparantzan, omenaldi bat egingo zaie 31ko greban, 34ko iraultzan eta 36ko gudan parte hartu zuten pasaitar langileei eta baita buruzagiei ere.

Ordubete beranduago, Alkateordetzako areto nagusian hitzaldi bat prestatu dute gazteleraz, Movimientos vascos de izquierda de ayer y de hoy izenburupean. Hizlariak Antonio Álvarez Solís eta Iñaki Gil de San Vicente izango dira.

Ondoren, 14.00etarako herri bazkaria prestatu dute Trintxerpeko frontoian, Xabier Silveira eta Freddy Paia bertsolariekin. Menuaren prezioa 15 eurokoa da eta txartelak San Pedroko Antxeta elkartean salgai daude.

Arratsalde partean, 17.30ak inguruan, beste hitzaldi bat izango da. Oraingoan, Itziar Aizpuruak Independentzia eta marxismoa gaia jorratuko du. Ezkertiarrek pilotalekuan jarraituko dute arratsaldean, bertan, 20.00etan, ekitaldi politikoa antolatu baitute.

Amaitzeko, 22.00etan, San Pedroko Erti aretoan poema iraultzaileen errezitaldi musikatua egingo dute Autoeskola Antikapitalistako kideek. Ondoren, Fermin Valencia eta Joseba Tapiaren emanaldiak egongo dira.

Gaurko ekintza
Gaur ere, giroa berotzeko ekitaldi bat antolatu dute. Izan ere, Trintxerpeko alkateorde-tzaren areto nagusian, 19.00etan, Hacer memoria, hacer justicia bideo-foruma eskainiko du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Ondoren solasaldia egongo da.

(Noticias de Gipuzkoa. 2010 / 01 / 22)