viernes, diciembre 04, 2009

ANDEREÑOEN KONPROMISO, ESKERTUA

Zuek izan zinetelako gu gaude gaur, eta gaudelako, gure atzetik datozenak egongo dira». Esker ona izan zen nagusi atzo Bilboko Udalak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldian. Esker ona, eta mirespena, 1936ko gerra osteko Bilboko lehenengo andereñoei omenaldia antolatu baitzien Udalak, «inoiz hain gutxik euskararen alde hainbeste egin dutelako».

1957. urtean jarri zuten abian Bilboko aurreneko ikastola, San Nikolas elizako lokaletan. Frankismoaren garaiko unerik latzenak izan arren, euskararen alde lanean ibili ziren hainbat emakume. Iñaki Azkuna Bilboko alkateak andereñoek egindako ahaleginaren garrantzia azpimarratu zuen: «Zuekin zorretan gaude». Omenaldian Ana Castro Udaleko Euskara Saileko zinegotzia, Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidentea eta Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko euskararen sustapenerako zuzendaria izan ziren, besteak beste.

Baina, inolako zalantzarik gabe, 1936ko gerra osteko andereño eta laguntzaileak izan ziren atzoko omenaldiko protagonista nagusiak. Hamaika izen itzalpean, hamaika istorioren lekuko, baina ezaugarri bat: euskararekiko konpromiso garaitezina. Josune Arkotxak hasierako uneak gogoratu zituen: «Oso gogorra izan zen, beldurrez ibiltzen ginen, baina oso aberasgarria ere bazen, ikastola haurren bigarren etxea bihurtu zelako».

San Nikolas ikastola 1958. urtean itxi zuen Pablo Gurpide gotzainak, eta 1960tik 1966ra, andereño, ikasle edo laguntzaileen etxeetan eman behar izan zituzten eskolak. Bitartean, ikasleen kopurua ere handituz joan zen. «Hilabete bat egoten ginen etxe bakoitzean, poliziak atezain moduan izaten genituelako ate azpian», gogoratu zuen Begoña Insunza andereño ohiak. Ilusioak eta lan egiteko gogoak bidean aurkitutako oztopoak gainditu zituen.

1966. urtean Resurrecion Maria Azkue ikastola zabaldu zuten Bilbon, Euskaltzaindiaren babesarekin eta Bizkaiko Probintziako Diputazioren laguntzarekin. Ikastola lege barruan izan arren, bidean oraindik harriak topatzen jarraitu zuten andereñoek. Karmele Goñi, Begoña Ezpeleta, Argi Iraragorri eta Miren Lourdes Gomeza de Artabek garai hartako pasadizo ugari gogoratu zituzten: polizien miaketak izan zituztenean, Espainiako bandera jartzera behartu zituztenean... «Euskaragatik jarri genuen, baina joan orduko, berehala kendu genuen!», Goñiren esanetan.

Inspektoreen beldurrez ematen zituzten eskolak ikastolan; agertzen zirenean, liburu ofizialak ateratzen zituzten. Karmele Goñiren arabera, «inspektoreak batzuetan harrituta gelditzen ziren: nondik atera dira hainbeste haur?». Ezin zuten ulertu euskarak sortzen zuen lotura eta konpromisoa.

Andereñoek, garai haietan laguntzaile lanetan ibili zirenak ere gogora ekarri nahi izan zituzten: ikastola antolatzen, garbitzen, gidari lanak egiten. Eta, nola ez, garai hartako gurasoen kemena azpimarratu zuten aho batez. «Beren haurrak gure esku utzi zuten gurasoek, horiek bai dutela meritua, itzela!».

1960ko hamarkadan erein zuten hazia andereñoek, eta, Azkunaren hitzetan, «ereindakoak fruitu ona eman du». Fruitua umatzeko bidean, ordea, oraindik zenbait pauso eman behar direla uste dute hainbat andereñok. Etorkizunari, hala ere, baikortasunez heldu nahi dio Goñik: «Egoera txarragoetan egon gara, eta aurrera egin dugu, oraingoan ere aurrera egiteko gai izango gara!».

(Berria. 09 / 12 / 4)