sábado, septiembre 26, 2009

ZIGORGABEKERIA AURRERA DOANEAN. Ahaztuak 1936-1977


Irailaren 27aren atarian, iraganeko idazkiak, hemeroteka eta garaiko gogoetak errepasatzen ari gara behin eta berriro gertakizun haiek eta memoria hura berreskuratzeko, berresteko eta errebindikatzeko. Milagarren aldiz, exekuzioaren zain zegoenean idatzitako bere azken gutunean adierazita, Jon Paredes Txiki-ren kontzientziara hurbiltzeak edo «...ez naiz beldur eta lasai nago. Badakit ustekabea etorrita prest egongo garela... Gaur badago zerbait nahi ez dudana: errukia eta gupida» hitz ikaragarriez hedatuta Jose Luis Sanchez Bravoren zuzentasunera gerturatzeak edo eurengandik hurbil egon ziren lekukoen testigantzara edo Humberto Baenak edo Ramon Garcia Sanzek izandako azken pentsamenduetan murgiltzeak adierazten digu Francoren erregimenak eragindako azken fusilatu horien eta 1936ko uztailaren 18z geroztik Ondarreta, Larrinaga, Porlier eta gainontzeko kartzeletan euren azken hitzak idatzi zituzten aurretik izandako fusilatuen arteko berdintasuna. Denak militante antifaxista eta demokratak ziren; euren errebindikazioak, askatasun eta justizia ametsak antzekoak ziren. Denak fusilatuak izan ziren exekuzio talde baten aurrean.

Aurten ere amorruak lagunduko digu antifaxista joeren kontrako eta frankismoaren biktimak izandako borrokalari horien kontra egiten ari den eraso zabal eta argiaren aurrean eta berau esparru gehienetatik -baita frankismoaren biktimen memoria errebindikatzen omen dutenak eta elkarte memorialistak ere- ikusten den joera horiekiko tolerantzia. Ez da berria esatea Espainiako eregimen faxistari armez aurre egin zioten borrokalariak zirela -hasieran makiak, gero beste erakunde politiko-militarretako militanteak-. Horiek dira frankismoaren biktimen artean ahaztuenak, zeren estatuak eta bere kudeatzaileek eta instituzioek era kontzientean horretan biziki eragin zutelako. Aitzitik, oso berria da esatea orain arte ahaztura baino ez izandakoa euren memoriaren kontrako eraso zuzen eta planifikatu bilakatu dela. Hala, era publiko, legal eta argi batez ukatzen ari zaie Francoren biktimak eta borrokalari antifaxistak izatea eta, ondorioz, dagokien zuzenketa. Hauxe oso larria. Alde batetik, euren memoriarako eta euren familientzat esan nahi duenagatik, eta, beste aldetik, Estatuaren eskemetan eta benetako pertsona eta sektore demokrata kontziente eta erantzungile ororenganako praktika horrek adierazten duen murrizketagatik.

Beste arlo batzuetan Espainiako estatuaren eguneroko praktika den demokrazia errealaren murrizketa horrek badu bere isla Memoria Historiko eta antifaxistari dagokienez. Irudi hori argi azaltzen zaigu Espainiako zigorgabekeriaren kasuan. Zigorgabekeria hori ez da oinarritzen orain arteko «utzi bakean»; errealitatean erasotzen hasi dira neurri eraginkorren bidez, horretarako araututako lege batzuk. Lege horiek Memoria Historiko demokratikoa eta antifaxistari erasotzen diote; horixe da Memoriaren lubaki ahulena; hain zuzen, frankismoaren azken garaietako biktimak. Memorian diharduen jende askok lotsa galdu du gai horiek jorratzerakoan. Esparru horretan egiten diren erasoak argiak dira: Txiki eta Otaegiren omenez izendatutako hainbat kale eta plaza kendu dute terrorismoaren kontrako borrokan babesturik, Silvia Carreterori ukatutako frankismoaren biktima egoera ukatzea. Emakume hori Jose Luis Sanchez Bravoren alarguna da. Jose Luis Sanchez Bravo FRAPeko militantea zen. 27an izan zen fusilatua, eta ebazpenak dio terrorista zela; nahiz eta Memoria Historikoaren Legeak aitortu garai hartako biktima guztiak erregimenaren biktimak izan zirela.

Zigorgabekeriak beste adierazle batzuk ere baditu; besteak beste, Justizia alorrean Baltasar Garzon epailearen kontra planteatutako erasoa; hain zuzen, frankismoaren krimenen kontrako kausa judiziala. Beste adibide bat, Falange y Tradición. Talde horrek ekintza faxista batzuk egin ditu azken egun hauetan, eta horren aurrean erakunde, alderdi politiko eta komunikabideak geldirik geratu dira. Haiek guztiek adierazten dute ezarritako zigorgabekeria eredua berez onartua dela eta egungo sistemari dagokion ezinbesteko baldintza dela. Ekintza horien bidez egungo eredu politikoak maskara kentzen du, eta bere hasierako nortasuna errebindikatzen du: inboluzio eredu estalia. Hala herri eta pertsonek egindako demokrazia errealaren aldeko errebindikaziori eta nahiari aurre egin nahi diote.

Bere liburuan, Grupo Armado, Tomas Pellicerek idazten du: «Siento viva a la Bestia-esa de la que cautelosamente se sisea 'el régimen anterior'- ilesa, oculta en su caverna en los confines del Nadir, desperezarse. No os hablo de sus cachorros, que viven entre nosotros, os hablo de la propia Bestia. Porque ella escapó. Porque ella no estuvo vencida y huyó, se ocultó y espera su momento, cauta, acechando desde la oscuridad que le es propia». Hitz horiek sakoneko esangura eskuratzen dute errealitatearen argitan. Izan ere, aipatutako Bestia-ren gaineko gogoeta sakon bat egin behar da. Erregimen faxistak, besteak beste, bost militante antifaxista hauek hil zituen 1975eko irailaren 27an. Zertan ari da oraintxe la Bestia?

Hogeita hamar urteren buruan egia, justizia eta Mugimendu Nazionalaren eta Franco jeneralaren erregimen faxista eta genozidaren biktimen kalte-ordainak egin gabeko lanak dira, orain duela hogeita hamar urte bezala.

Eta frankismoaren porrota ez da benetakoa izango, baldin eta pertsonek eta herriek euren demokrazia osoa eta libertatea sortzeko eta erabiltzeko gaitasunean oinarrituta ez badago.

Dena esan behar da.

(Berria. 09 / 09 / 26)