jueves, septiembre 10, 2009

IA LAU ORDUZ ARITU DA GARZÓN AUZITEGI GORENEAN INPUTATU GISA DEKLARATZEN

Aldekoak eta kontrakoak izan zituen Baltasar Garzon epaileak atzo alboan. 36ko gerran eta frankismoan desagertutakoen egoera argitzeko auzia abiatu izanagatik miresmena erakutsi ziotenak, eta auzia bere gain hartuta delitu egin izana aurpegiratu eta epailearen aurka agertu zirenak. Babesak, halere, arbuioak baino gehiago izan ziren; hogei bat lagunenak. Edozein kasutan, aldekoen eta kontrakoen oihuak entzun zituen, Espainiako Auzitegi Gorenera inputatu gisa deklaratzera joan zenean.
12:15 zirenean sartu zen auzitegira Garzon, txalo artean. 36ko gerrako eta frankismoko biktimen Espainiako hainbat elkartek elkarretaratzea egin zuten auzitegiaren aurrealdean Garzonen aurkako auzia salatzeko, eta, besteak beste «Gora, Garzon!» eta «Garzon askatu!» oihukatuta agertu zioten babesa.
Behin Auzitegi Gorenean sartuta, Luciano Varela instrukzio epailearen aurrean deklaratu zuen Garzonek. Uko egin zion bere aurkako kereila jarrita auzia abiatu zuen Manos Limpias elkartearen abokatuaren galderei erantzuteari. Epailearen, fiskalaren eta defentsarako abokatuaren galderei soilik erantzun zien.
Errugabe dela dio Garzonek
36ko gerran eta frankismoan desagertutakoen auzia bere gain hartuta ez zuela deliturik egin adierazi zuen Garzonek instrukzio epailearen aurrean. Ez zuela prebarikatu. Hain zuzen, horixe egotzita inputatu dute Auzitegi Nazionaleko epailea, Manos Limpias eta Libertad e Identidad elkarteen eskariz. Bi talde horiek kereilak aurkeztean argudiatu zutenez, biktimen auzia bere gain hartzeko eskumenik ez zuela jakin bazekien Garzonek, baina hala ere auzia abiatzea erabaki zuen. Oker ari zela jakinda erabaki hori hartzea egotzi diote, beraz, prebarikatu egin izana.
Garzonek ukatu egin ditu akusazioak. Ez zuela delitu egin adierazi du. Auzia abiatu zuenean, ez Auzitegi Nazionaleko epaileek ez fiskalak ez zutela erabakia kolokan jarri argudiatu du. Ez zutela «zentzugabekoa» zenik esan, eta ez ziotela prebarikatu izana leporatu. Gainera, okerra egin izan balu ere, egindako kaltea konponduta legokeela adierazi du. Iazko azaroan auzia lurralde auzitegien esku utzi zuela, eta beraz, okerra zuzenduta legokeela.
Auzitegi Goreneko epaileari azalpenak eman ondoren, 16:05ean atera zen Garzon auzitegitik, Gonzalo Martinez-Fresneda abokatua alboan zuela. Txalo artean hartu zuten berriz epailea Espainiako biktimen elkarteetako kideek. Besteak beste, Mas jueces como Garzon (Garzon bezalako epaile gehiago) eta Justicia por los pelos no es Justicia (Ozta-oztako Justizia ez da Justizia) zioten txartelak zituzten eskuan. Ahoan, «Gora Garzon!» oihuak.
Bien bitartean, gizonezko bat aldekoen oihuak harmonikaren doinuekin estaltzen saiatzen ari zen. Espainiako ereserkia harmonikarekin joaz, eta frankismoaren alde eginez: «Onartuko duzue Franco gaindiezina izan zela diktadore gisa», esaten zien Garzonen aldekoei.
Memoria historikoaren aldeko elkarteek, berriz, Justiziaren jarrera salatu zuten: «Espainiako indar ilun eta atzerakoienak Francoren erregimen faxistak humanitatearen kontra egindako krimenak ikertzeko auzi bat lehen aldiz zabaldu duen epailea zigortu nahian dabiltza». Hori «lotsagarria» dela ohartarazi dute, eta Espainiako Justizia sistema osoa kolokan jartzen duela.
(Berria. 09 / 09 / 10)