sábado, septiembre 12, 2009

"GENOZIDIO FRANKISTA" SALATZEKO, ELKARRERATZEA EGINGO DUTE GAUR

Genozidioaren Biktimen Elkarteak deituta elkarretaratzea egingo dute gaur, 12:00etan, Donostiako Bulebarrean. Ekimen horren bitartez, «genozidio frankistak» Donostian eragindako biktimak gogoratuko dituzte, eta biktimen memoria, justizia eta konponketa berreskuratze aldera, Egiaren Batzordea sortzeko eskatuko diete instituzioei. Ezker abertzaleak eta EAk bat egin dute ekimenarekin.

Bi alderdiek egungo egoera politikoari erreparatu diote ekimenarekin bat egiterako orduan. Ezker abertzaleak salatu duenez, Euskal Herriak ez du «benetako trantsiziorik» ezagutu. Egungo gatazka politikoa aurreko errejimenak baldintzatua dagoela dio. EAk ere halako ekimenek daukaten «gaurkotasuna» nabarmendu du, eta uda honetan Euskal Herriko hainbat txokotan izandako «eraso faxistak» jarri ditu adibidetzat. «Larria da oso halako talde ultra eta faxistak nola mugitzen diren ikustea. Presoen argazkiak kentzen dabiltzan bitartean, Herrizaingo Sailak ez du aurrera eraman eraso faxistak ikertzeko ekinbiderik».

1936ko gerra sarraski izugarria izan zen donostiarrentzat. Genozidioaren Biktimen Elkartearen arabera, besteak beste, 385 lagun fusilatu zituzten, beste 776 hil zituzten guda eremuan eta 776 haur erbesteratu zituzten.

Donostian ez eze, Berrizen (Bizkaia) ere gogoratuko dituzte gaur herri horretako frankismoaren biktimak. 18:00etan hasita, Berrizko Udalak hainbat ekimen antolatu ditu.

(Berria. 09 / 09 / 12)