Genozidioaren Biktimen Elkartea sortu dute Donostian, 36ko gerran fusilatutako eta erbesteratutako herritarren ezagutza lortzea helburu duen taldea. Garai hartako memoria, egia eta justizia berreskuratzea ere helburutzat hartu ditu Iñaki Egaña bozeramaile eta historialariak. «Gezurra dirudien arren, 73 urte pasa dira eta kontu ilun asko daude oraindik. Oztopoak daude egia hori jakiteko; oraindik bidea dago egiteko», adierazi du Egañak. Bide horretan, elkartea sortzea izan dute lehen urratsa, eta hainbat ekimen egingo dituztela iragarri dute. Lehen ekimena irailaren 12an egingo dute, gaur zortzi, eguerdian, Donostian.
Donostia inguruan fusilatutakoen 60 senide inguruk osatzen dute Genozidioaren Biktimen Elkartea. Batzuk, 36ko gerran fusilatutakoen seme-alabak dira; Teresa Lasaie, esaterako. Eta beste batzuk, berriz, ilobak dira, Ana Saratxaga moduan. Baina denek ere gogoan dituzte 1936ko irailaren 13tik aurrera Francoren soldaduek Gipuzkoako hiriburuan egin zituzten «sarraskien» eraginak.
Orduan 80.000 lagun bizi ziren Donostian, baina egun horretan erdiek baino gehiagok erbestera alde egin behar izan zuten. 34.000 herritar geratu ziren Donostian, eta horietatik 385 fusilatu zituzten. «Herritarren %1 baino gehigo fusilatu zuten», zehaztu du Egañak. Horrez gain, 6.000 gudari eta miliziano donostiar errepublikaren aldeko borrokan lerrotu zirela adierazi du Egañak. Haietatik 470 gudu zelaian hil ziren.
Gainera, 776 haurrek erbestera joan behar izan zuten 1936ko irailean; lehenengo Frantziara, eta ondorengo urteetan Erresuma Batura, Belgikara, Sobietar Batasunera... Egañak jakinarazi du 21 erbesteratu donostiar ere IAlemaniako gas ganberetan erail zituztela I. Mundu Gerran. Horiek gutxi balira bezala, beste 17 donostiar hil ziren 1937ko udan, Donostian izandako bonbardaketen ondorioz. Gerrarekin ez ziren amaituko hilketak, eta gerra ondorengo urteetan kartzela zigorrak bete zituzten 561 donostiar gehiago hil zirela adierazi du.
«Benetan eskandaluzko kopuruak dira», adierazi du Egañak. Egañak azaldu du estatuko funtzionariek kopuru handietan eginiko erailketei deitzen zaiela genozidioa. «Horixe gertatu zen bete-betean Donostian; horregatik diogu genozidioa izan dela», nabarmendu du historialariak. Beraz, memoria, justizia, egia eta hildakoen ezagutzaren alde lanean jarraituko dutela azaldu du.
Urbasan omenaldia
36ko gerran eta ondorengo urteetan hildakoak omentzeko, ekitaldia antolatu dute biharko Fusilatuen Senideek, Urbasako Otsoportillon (Nafarroa). Nafarroako ezker abertzaleak ere bat egin du ekitaldirako deialdiarekin.
(Berria. 09 / 09 / 5)