Azken guda zibilean senide edo familiartekoren bat galdu zenuten guztioi agur eta besarkada bana.
Aurton 72 urte beteko dira, 1937ko abuztuaren 5ean, Derioko hilerrian, faxisten fusilen aurrean sei busturiar erail zituztenetik.
Orain arte familiartekoa genuen oroitzapenerako egun hau, jendaurreko bihurtu da 2007ko abuztuaren 4ko 70. urteurrenaz geroztik.
Duela bi urte Ahaztuak 1936-1977ko gerlaren oroitzapen historikoa lantzen duen erakundearekin batera eta Busturiko hirugarren adinekoen elkarteak hasitako, hildako, desagertu eta erailen zerrendatze lanaren bultzadaz, sendian burutzen genuen oroitzapen ekitaldia kaleratzen hasi ginen. Gaur egun, Busturiko hirugarren adineko elkartearen oroimen historikoari esker, badakigu ohiko sei eraildakoez gain, beste 24 ere izan zirela gerra zikin haren ondorioz bizia galdu zuten busturiarrak. Jakiteak ordea burua argitzen du, ingurura begira jarri eta Gernikako izugarrikeriaz gain 36ko gerra ez zela gure etxetik pasa ematen du. Badago, beraz, zer jakin eta non ikertu, datozen belaunaldiek galtzaileon historiaren berri eduki dezaten.
Baina artean ez gaude geldi, eta, ibilian-ibilian, hildakoak ez zirela Gernikako bonbardaketaren biktima edo Busturiko erailak soilik jakin dugu. Lehengo egunean esan ziguten Foruak ere badituela bere fusilatuak. Kontu honek ondoko hausnarketa dakarkigu gogora: Gernikako bonbardaketaren biharamunak bonbardaketak eragindako beste sufrimendu hedatu zuela eskualdean. Eta Gernikak historiaren oroimenean lekua duen moduan, gainontzeko herrietan jasandakoak ere bere lekua merezi duela.
Gernikako sarraskiak ez zuen inor bereizi, harrapatu zuen guztia suntsitu zuen. Eskualdean, ordea, gizonezkoak izan ziren eraildako gehienak, gizon ezkonduak eta seme alabadunak kasu askotan. Biharamunak, beraz, alargun gabetu ugari utzi zituen bazterretan gerraren benetako sufrikarioa pairatzen, ondorioak benetan sufritzen dituena bizirik gelditzen dena izaten delako. Busturiko kasuan zazpi eraildakoek beste horrenbeste alargun utzi zituzten.
Hitz lauz ez olerkiz nago gaitua jasandakoa adierazteko, beraz, umezurtz gelditutako batek laburtzen duen moduan azaldu gura dut egoera. «Goian zerua eta behean lurra gelditu ginen», eta ez hori bakarrik, eraildako senarrari leporatutako hobenak kalte ordainak ekarri zituen, isunak ezarri zitzaizkien alargunei. Horregatik diogu gizonen heriotzak ahaztu gabe, erailketen biharamunak ekarri zituen alargunak oroimen historiko horren parte garrantzitsua direla, omendu beharrekoak gure uste apalean. Horregatik aurten 36ko gerran hildakoak eta guda horren ondorioz gaur egun ere dirauen arazoa ahaztu gabe, egoera latz hura pairatu zuten andreak omendu gura ditugu.
Gaia, ordea, ez da omenaldietan bukatzen, arazoak badu harantzago doan adar bat, «Ley de memoria historica» deritzon legeak kontuan hartu arren gauzatzen ez dena. Delituak baliorik gabe uztea, alegia; kondenatuen kasuan, sententziak deuseztatu eta delituok ez zirela existitu aldarrikatzea. Horixe litzake gure ustez hurrengo pausua, gauzak bere onera ekarri eta justizia egin gura bada. Gure senideak ez dizkigutela bueltatuko badakigu. Baina, aitortza horrek sortutako ordainak erraldoiak dira, batez ere ondasunak kendu eta isun zigorrak jarri zitzaizkienen kasuetan delituak ez zirela delitu aitortuz gero.
Ikusten duzuenez egun hau ez da ospakizun hutsa, ez baitago zer ospatu, egun hau jakingura dugunok elkartzeko eguna da. Horregatik gonbidatzen zaituztegu 2009ko abuztuaren 2an Busturian, Axpeko Ispilueta zelaian, 13:00etan burutuko den oroitzapen ekitaldira.
Zatoz eta ekarri zure oroitzapenak, bizitakoak, lekukoengandik jasotakoak, edo bigarren zein hirugarren belaunaldian zure belarrietara heldu direnak. Batak eta besteak dioskunarekin joango garelako galtzaileon historia idazten.
Beste barik agurtzen zaituztegu abuztuko lehen igandean Ispiluetan ikusiko garelakoan.
AHAZTUAK 1936-1977
(Gara. 09 / 08 / 1 eta Berria. 09 / 07 / 30)