martes, julio 07, 2009

EHUNKA LAGUN, URTERO LEZ, ALBERTIAKO TONTOR ETA HARIZTIAN

Urtero bezala, joan den igandean, uztailak 4, ehunka abertzalek parte hartu zuten Albertiako tontorrean eta behealdeko basoan eusko gudarien omenez egindako ekitaldietan. Horren ostean, Urbinako enparantzan 150 lagunek parte hartu zuten herri-bazkarian, «Otarte» kultur taldeak adierazitakoaren arabera.

Parte-hartze handia izan zen batik bat igandeko ekitaldiaren inguruan nabarmentzekoa, baita, noski, zio nagusia ere: eusko gudariak omentzea eta oroimen historikoa presente izatea. Hala, Albertiako tontorrean, txistu eta albokaren doinuekin batera, Lau Haizetara plataformak gonbidatu gisa hartu zuen parte, eta bertako ordezkari batek euren kanpainaren berri eman zuen. Segidan, preso politiko ohi batek hartu zuen hitza espetxe politikaren gainean mintzatuz, eta azkenik, militante ekintzaile batek Albertian gerra zibilean eroritakoak ekarri zituen gogora.

Eguerdian, aldiz, Albertiako basoko hariztian, ezker abertzaleko kide batek egungo egoera politikoa izan zuen hizpide, baita aurrera begira hartu beharreko bidea ere. Ostera, militante ekintzaile batek eman zion amaiera ehunka lagunen parte-hartzearekin ospatu zuten ekitaldi politikoari.

(Gara. 09 / 07 / 7)