domingo, julio 05, 2009

BAT, BI, HIRU ETA LAURI IZENA ETA HISTORIA JARTZEA DA ORAIN GAKOA

Tropa frankistak Donostian sartu zirenean 80.000 lagun bizi ziren hiriburuan eta horietatik erdiak baino gehiagok ihes egin zuten. 35.000 lagun inguru geratu ziren bertan eta horietatik 400 fusilatu egin zituzten. Idatziek diotenez, asko Polloeko, Oiartzungo, Hernaniko eta Berako hilerrietan lurperatuta daude. Atzo geroztik, beste lau heriotzen gaineko datu berriak daude. «Txiripaz aurkitu dira, guretzat ere neurri batean sorpresa izan da», zioen atzo Iñaki Egaña historialariak. «Jakin bagenekien hemen fusilatutako jendea bazela, baina ez genuen uste fusilatu zituzten leku berean lurperatuko zituztenik», zehaztu zuen, Auzitegiko Medikuntza arloko irakasle eta Arantzadi zientzia elkarteko Antropologia Departamentuko presidente Pako Etxeberriak.

Amarako auzoa eta Deustuko Unibertsitatea batzen zituen Burdinazko Zubiaren inguruan egiten ari diren lanetan topatu zituzten langileek hezurrak ostiralean. Aste honetan bigarren aldiz gelditu behar izan dituzte lanak arrazoi berarengatik, astelehenean bertan beste hiru gorputz topatu baitzituzten. Atzo goizean Aranzadi elkarteko kideak eta Medikuntza Legaleko adituak gorpuzkinak jasotzen ari ziren bitartean ere, langileetako batzuk presente egon ziren. «Pena ematen du. Pentsatzea ere gu hemen lanean aritu garen bitartean hor egon direla...», zioen batek pentsakor. Izan ere, aurkikuntza bera pozgarria izanik ere, saihestu ezinezkoa da hezurdurak aurrez aurre aurkitzen diren unean pertsona horien balizko istorietan eta senideetan pentsatzea.

Goizeko zortziak aldera hasi ziren adituak, hobiaren eremua zehazten, eta gorpuak estaltzen zituen lurra kentzen. Goizeko hamabiak eta erdiak zirenerako agerian zeuden lau gorpuzkinak eta identifikaziorako zenbakiak jarri zizkieten: bat, bi, hiru eta lau. Momentuz horixe da eurak izendatzeko modu bakarra; izen abizenak jartzeko ikerketa abiatu beharra dago.

Etxeberriak azaldu zuen moduan, astelehenean egindako aurkikuntzak abiapuntu garrantzitsua jarri zuen: «Gorpuzkinetako batek udal langileek zeramatzaten botoiak zituen. Hori dela eta, gainerakoak ere udal langileak izan daitezke; orain, lehen pausua, jaso dugun fusilatuen zerrendako 400 pertsonen lanbideak aztertzea izango da». Halaber, gorpuen azterketa antropologikoak egingo dituzte adina eta gorpuzkera zehazteko eta, argibideak badira, froga genetikoak ere egingo dituzte ahaideekin. Egañaren esanetan, horietako bat identifikatuz gero, gainerakoak identifikatzea errazagoa izango da, «heriotza eguna zehaztuko genuke-eta».

Pista argigarriak

Lau pertsonen izen abizenak zehazteko badaude ere, argi dago 36ko Gudan hildakoak direla. Lehen unean Independentzia Gudako gorpuak ote ziren ere pentsatu zuten, «Donostian gisa horretako hobiak ere baitira». Aldiz, hezurren ondoan itzelezko bi froga aurkitu zituzten atzo: batetik, gomazko zapata zolak, «horiek XX. mendekoak dira»; ondoren, argigarriago gertatu zen orrazi bat. «Hiru zenbakiak zeraman eskuineko poltsikoan», azaldu du gorpuak lurpetik atera zituen langileetako batek. Orrazian, berriz, argigarria den inskripzioa, fabrikatze data: «1933».

Bien bitartean, adituak eskuilekin hondarra kentzen, aspiragailuarekin biltzen, zorrotxoetan hezur zatiak sartzen, argazkiak ateratzen... Ezin daturik galdu; edozein xehetasun izan daiteke argigarri. «Oraingoan lana errazagoa izan da lau gorputz baino ez zeudelako eta, beraz, zein posizioetan lurperatuta zeuden zehaztea eta bereiztea errazagoa izan delako». Gorpuak, gainera, hondarretan zeuden lurperatuta eta kontserbazioan ez ezik garbiketa lanetan ere lagundu du horrek.

Behin kaxetan eta poltsatan sartuta, gorpuak Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zituzten. «Hori ere aipagarria da, lehen aldia baita ikerketak zaintza judiziala duela; guardiako epaileak lehen unetik jo zuen bere burua ikerketari bermeak emateko erantzule». Memoria Historikoaren Legea, hain zuzen, horrelako tresnak eskaini ez dituelako kritikatu izan da.

Gizartearen jarreran ere sakondu nahi izan zuten Egañak eta Etxeberriak. «Jakina da gisa honetako aurkikuntzek trabak dakartzatela eraikuntza lanetan eta askotan ezkutatu izan direla; egun, ordea, sentsibilitatea handiagoa dago», azaldu zuten.

36ko gerran desagertutako pertsonen senitartekoen jarrera gero eta aktiboagoa da, «eta gisa honetako aurkikuntzak egiten direnean indartu egiten da». Aranzadin 600 bat lagunen deiak jaso dituzte, euren istorioa, senitartekoen desagerpena... azaltzeko. Horietako zazpik akaso berandu baino lehen argituko dute beren senideak non dauden.

(Gara. 09 / 07 / 5)