domingo, julio 12, 2009

APAIZEN FUSILATZEAK ISILTZEAGATIK BARKATZEKO ESKATU DUTE GOTZAINEK

Zazpi hamarkada igaro dira frankistek, 1936ko gerran, hamalau apaiz hil zituztenetik. Isilpean geratu zen euren memoria, ordea; ez zuten hileta elizkizunik izan, eta euren heriotza erregistratu gabe geratu zen elizbarrutian. Hamarkada hauetan guztietan hilketen inguruan Elizak ez duelako ezer esan, barkamena eskatu dute Gasteizko, Bilboko eta Donostiako gotzainek Arabako hiriburuan egindako elizkizunean.

Gasteizko Katedral Berria jendez gainezka izan zen atzo Migel Asurmendi Gasteizko gotzainak, Ricardo Blazquez Bilbokoak eta Joan Maria Uriarte Donostiakoak eman zuten mezan. 200 bat apaiz igo ziren aldarera haiekin, eta banan-banan gogoratu zituzten hildakoak: Arin, Adarraga, Albizu, Ariztimuño, Guridi, Iturrikastillo, Lekuona, Markiegi, Mendikute, Onaindia, Otano, Peñagarikano, Sagarna eta Urtiaga. Haien lagun eta senitartekoek bete zituzten katedraleko aurreneko eserlekuak.

Erail eta isilpera baztertu zituzten apaizei ohore egin eta Elizaren izenean barkamena eskatu zuen Asurmendik. «Ez ditugu zauriak ireki nahi, sendatzen lagundu baizik. Barkamena eskatu nahi dugu». Isilpean hainbeste denbora egoteko «aitzakiarik» ez dagoela adierazi zuen. «Ez da onargarria denbora luze honetan Elizak apaiz hauen heriotza isilpean eduki izana». Egia, justizia eta karitatearen kontrako jarrera edukitzea salatu zuen. Garai «ilunak» gogoratu eta apaiz haien heriotzaren ingurukoak oraindik ez direla ezagutzen gogorarazi zuen Asurmendik; tartean, badira oraindik agertu ez ziren gorpuak. Zauria «arindu» asmoz, atzoko elizkizunarekin batera, elizbarruti bakoitzeko erregistro eta parrokia liburuetan apaiz guztien bizitza eta heriotzaren inguruko datuak jasoko dituztela azaldu zuen Asurmendik.

Elizkizuneko unerik hunkigarriena Andoni Lekuonak, Martin Lekuona zenaren ilobak, ekarri zuen -28 urterekin hil zuten osaba Hernanin (Gipuzkoa)-. Bertsoak kantatu zituen Andoni Lekuonak: «Gidariak izan ziran/ egin zuten hamaika lan./ Gure senide bihotzekoak/ gerrak zituen eraman;/ bizia ziguten eman./ Gogoan dezagun izan».

Katedralera gerturatu zirenen artean Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak garrantzitsutzat jo zuen elizkizuna: «Memoriaren bidetik bakarrik izango dugu bakea, eta uste dut inoiz ez dela berandu memoria osatu eta biktimak gogoratzeko». EAJko EBBko bozeramaile Iñigo Urkulluk, «hamalau apaizen memoriari zor zaion errespetuagatik» gerturatu zela esan zuen. Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia ere elizkizunean izan ziren. Jose Maria Setien Donostiako gotzain emerituak ere ez zuen huts egin.

Bestalde, gotzainen ekimenarekin bat egin zuen Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, baina elizkizuna Gasteizko Katedral Berrian egin izana kritikatu zuten. «Leku hau ez da egokiena. Frankismoaren irudi den arrano inperialaren ezkutu erraldoia dago, eta ez gara sartuko», adierazi zuen taldeko kide Martxelo Alvarezek. Justizia, omenaldirik onena goiburu, katedralaren aurrean egin zuten elkarretaratzea, elizkizunak iraun bitartean. Irudi frankistak kentzeko eskatu zuten: «Memoria Historikoaren Legeak, bere eskasean, ahalbidetzen du. Erakundeen agindua behar da».

(Berria. 09 / 07 / 12)