viernes, julio 03, 2009

36KO GERRAKO HIRU FUSILATUREN GORPUZKINAK AURKITU DITUZTE URUMEA ERTZEAN

Astelehenean Donostiako seigarren zubiko eraikuntza lanetan aurkitutako hiru gizonezkoen gorpuzkinak 36ko gerran fusilatutakoenak direla baieztatu dute adituek. Azken egun hauetan, Auzi Medikuntzako Institutuko hiru auzitegiko mediku eta Francisco Etxeberria Aranzadiko presidentea aritu dira indusketa lanetan. Egun hauetan eginiko indusketen arabera, gorpuzkinak 36ko gerra garaikoak dira. Gainera, jakina da inguru horretan fusilamendu batzuk egin zituztela.

Eraikuntza enpresakoek jakinarazi zuten gorpuzkinen berri, eta jarraian, Donostiako Instrukzioko Epaitegiaren esku geratu zen azterketen inguruko jarraipena egitea. Aurkitutako hobiak bi metroko luzera du, eta eraikuntza lanen erdian dago. Zubia eraikitzeko lanak geldituta egon diren arren, bukatu dituzte indusketa lanak, eta jada normaltasun osoz ari dira lanean.

36ko gerran fusilatutako hiru gizonezkoen gorpuzkinak dira Urumea ibaiaren ertzean aurkitutako lehenak. Orain arte, 36ko gerra garaiko eta frankismoko zortzi hobi atera dituzte Gipuzkoan .

(Berria. 09 / 07 / 3)